Greba feminista

Greba eginen duten bost emakumeren testigantzak

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 7a, 10:42

Kontsumo, lan produktibo, zaintza eta hezkuntza greba feminista anitza izanen da, horregatik, sostengatuko duten bost lagunen testigantzak jaso ditugu, pluraltasun hori islatu nahian.

Hego Euskal Herrian, gizonek emakumeek baino %35'6 gehiago kobatzen dute; zaintza lana, gainera emakumeen bizkar geratzen da; hedabideek eta komunikabideek genero estereotipoak erreproduzitzen dituzte... Asko dira greba feministara deitzeko arrazoiak.

Grebak lau ildo dauzka -hezkuntza, kontsumoa, zaintza eta lan produktiboa-, eta antolatzaileek aski ongi dakite "greba egiteko modu asko" daudela, emakume guztiek parte hartzea nahiko luketen arren, batzuek ezin izanen baitute, prekarietatea, zaintza lana edota aniztasun funtzionala medio: "Ez dugu uste greba egiteko modu bakarra dagoenik, ezta egon behar duenik ere. Guztiok kalean egotea gustatuko litzaigukeen arren, deialdia egiten dugu norberak ahal duen eta nahi duen moduan egin dezala greba. Hori dela eta, grebarik egin ezin eta lanean jarraitu behar duzuenak beste era batean parte hartzera animatu nahi zaituztegu: esaterako, zuen amantala balkoian jarrita edo lanean zaudetela besoko more bat jantzita. Greba feminista hau anitza izanen baita edo ez da izanen".

Hona hemen aniztasunaren lekuko diren bost testigantza: Maitane Unzu, Katakrakeko kidea; Elena Llanes. zonalde urdineko langilea; Amaia Nausia, zaintza greba eginen duen historialaria; eta Amaia Lukanbio eta Arantza Bailon, sukalde bateko langileak, jantokietako egoera gogoan dutenak.

 

Bost emakume, greba bakarra

Itxi eginen dute Katakrak liburu denda. Hasieratik izan dute argi, eta halaxe azaldu dio Euskalerria Irratiari Maitane Unzuk: "Guk ere bai. kolektibo moduan, bat egiten dugu greba horrekin. Grebaren lau ardatzak ikusita, eta hemen zaintza, produkzioa eta lan erreproduktiboa daudenez, argi dago itxiko dugula lokala".

Amaia Nausia historialaria da, baina eszedentzian dago, egun. Zaintza greba eginen du. "Nire bikotekidea ez da lanera joanen, eta berak hartuko du bi haurren ardura. Handiaren kasuan, eskolara doa, hiru urte eta erdi dauzka, eta ez du eskolara eramanen. Txikiak hamar hilabete dauzka, eta haren ardura ere hartuko du. Nire asmoa da etxetik ateratzea eta beste emakumeekin batera kaleak gure egitea", adierazi du.

Zonalde urdinean aritzen da Elena Llanes langilea, autoek ordaintzen ote duten ikuskatzeko. Grebarekin bat eginen du, argi baitu emakumeak prekarioagoak direla eta, horregatik, protesta egin behar dela. "Hemen, batez ere, emakumeak gara. Ez dakigu zenbat lagunek eginen duten greba, zeren ez gaude elkarrekin, eta, beraz, oso zaila da hori jakitea, baina bai pila bat igoko garela Iruñera, goizez eta arratsaldez. Egunero gure eskubideak urratzen ari dira, emakumeon lana prekarioagoa da, eta borrokatu behar dugu, ez bakarrik lan munduan, baizik eta bestelako espaziotan ere".

Sukalde handi batean aritzen dira Amaia Lukanbio eta Arantza Bailon. Jantokietako egoera izan dute gogoan, feminizatutako lan esparrua baita. "Sukaldetik ateratzen da janaria jantokietara. Han dauden langile gehienak emakumeak dira, eta jantokietan ere eginen dute greba, 11:00etatik aurrera. Gure sektorea oso feminizatua dago. Lan baldintzak aldarrikatzeko, zentro batzuk zerbitzurik gabe geratuko dira: adibidez, Sarriguren, Berian, Mendillori, Alaitz… jantokia itxiko da. Hoberena litzateke gurasoek haurrak eskolara ez eramatea, norbaitekin geratzea eta emakumeak iruñera joatea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!