SustaiNAVility: Nafarroak 3 milioi eurotik gora aurreztuko du urtean energiaren kontsumoan

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 5a, 19:04
Nafarroan proiektua kudeatzen duen taldearen argazkia. Erdialdean, Manu Ayerdi, eta honen ezkerraldean, Céline Tougeron koordinatzailea.

Proiektuak 3 urteko iraupena izanen du eta milioi bat euroko finantzaketa europarra bermatua du. Energia-eraginkortasunaren arloan 16,3 milioi euroko inbertsioak mobilizatzea da helburua.

Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik energia-kontsumoa arrazionalizatzea helburu duen SustaiNAVility proiektu europarraren Nafarroako inplementazioa aurkeztu du gaur goizean. Proiektuari atxikitako lau neurri-ildoen inplementazioari esker, ia 80 gigawatteko energia-aurrezkia lortuko da, 3 milioi eurotik gorako urteko balioaz.

Aurkezpenean, Europako Batzordearen koordinatzaile Céline Tougeronek eta programaren Nafarroako bazkideek ere parte hartu dute: AIN (Nafarroako Industria Elkartea), CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala), NASUVINSA enpresa publikoa eta Zabala kontsultoretzaren ordezkariek.

SustaiNAVibility energiaren kudeaketa eraginkorra bultzatzeko neurri berri bat da, H2020 programa europarrari atxikitakoa. Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuak koordinatuko du proiektua, beste 4 bazkideren laguntzaz: AIN, CENER, NASUVINSA eta Zabala kontsultoretzat. Proiektuak 3 urteko iraupena izanen du eta milioi bat euroko finantzaketa europarra bermatua du, nahiz eta helburua energia-eraginkortasunaren arloko 16,3 milioi euroko inbertsioa mobilizatzea den. Proiektuaren inplementazioaz hiru kolektibo profitatuko dira: udalak, herritarrak eta industria.

Aurkezpenean, Ayerdi lehendakariordeak gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak energiaren erabilera eraginkorrari ematen dion garrantzia, “helburu hauetan nahiz klima-aldaketari aurre egin eta berotegi-efektuko gas isurketak murrizteko ahaleginean Europar Batasunarekin bat gatozela” adieraziz. Horren harira, duela hilabete inguru, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Klima Aldaketaren Ibilbide Orria eta 2030erako Nafarroako Energia Planari buruz aurkeztu zituen dokumentuak aipatu ditu

Proiektu europar honekin bat eginik, Gobernuak energia-kontsumoa BPGd-arekin lotzen duen intentsitate energetikoaren ratioa hobetu nahi. Era berean, Ayerdik iragarri duenez, “energia primarioaren kontsumoa EBak 2020rako eta 2030erako aurreikusitakoa baino % 10 gehiago murriztu nahi dugu. Energiaren erabileraren eraginkortasunak garrantzi estrategikoa du enpresen lehiakortasuna areagotzeko ere, kostuetan dagoen goranzko joaeraren ondorioz”.

Kontsumoan aurrezteko ildoetako bat eraikinei lotuta dago, izan ere, eraikinek energia osoaren % 40 kontsumitzen dute Europa osoan. Hori dela eta, SustaiNAVility proiektuaren lau ekintzetako bi eraikinen energia-eraginkortasunari lotuta daude: Nafarroako 5 udalerritan etxebizitzan zaharberritzea % 40ko energia-aurrezkia lortzeko asmoz, 7 milioi euroko inbertsioaren bidez. NASUVINSA enpresa publikoa eraikin horien zaharberritzea eraginkortasunez gauzatu eta kudeatzeaz arduratuko da. Beste ekintza bat etxebizitza publikoei zuzenduta dago, 1,5 milioi euroko inbertsioarekin. Nafarroako Gobernuak gauzatuko du 4 eraikinetan, energia-aurrezkian % 60ko hobekuntza lortzeko xedez.

Hirugarren ekintzaren bitartez, energia-eraginkortasunarekin lotutako 25 proiektu eta 12 neurri inplementatuko dira Nafarroako industrian % 17ko energia-aurrezkia lortzeko. Proiektu hauetarako 3,5 milioi euro bideratuko dira, eta AIN arduratuko da koordinazioa egiteaz.

Laugarren ekintzaren helburua Nafarroako ia 100 udalerritako argiztapen publikoa optimizatzea da. Udalerri horietan 60.000 pertsona bizi dira, eta ekintza honen bitartez, % 65eko energia-aurrezkia lortuko litzateke. Ayerdi lehendakariordeak “4,3 milioi euroko” inbertsioa iragarri du, “toki-erakundeei zuzendutako deialdi berri baten bitartez”, eta gogoratu du “erakunde horiek toki-garapenerako agentziek eskainitako aholkularitzaz ere profita daitezkeela”.

Neurri horiei guztiei esker, energia primarioan urteko 79 GWh-ko aurrezkia lortzea aurreikusi da, eta energia elektrikoaren prezioaren araberako kalkulua eginez gero, horrek 3.300.000 euroko aurrezkia ekarriko luke. Horrekin batera, energia-iturri berriztagarrietatik ateratako 8.542 MWh-ko urteko ekoizpena lortuko litzateke Foru Komunitatean.

Gobernuak CENER energia berriztagarrien zentro nazionala, AIN Nafarroako Industria Elkartea eta NASUVINSA enpresa publikoaren aholkularitza izango du. Zabala kontsultoretza-enpresa proiektuaren laguntza teknikoaz arduratuko da.

Bestalde, proiektuaren koordinatzaile Céline Tougeronek adierazi duenez, “Europar Batasuneko maila politikorik gorenetan argi zehaztuta dago eskualdeek eta hiriek iraunkortasunaren arloan duten garrantzi handiko eginkizuna, eta asmo handiko helburuak planteatu behar dituzte horretarako. Iruñeak, udalen arteko Itunaren sinatzailea denez gero, helburu horiek lortzeko konpromisoa bereganatu du”.

Tougeronen proiektuen finantzaketa ere aipatu du, horixe baita neurriak abiarazteko eragozpen nagusietako bat. “Konponbide horiek aurkitzea ere egundoko erronka da. Europako Batzordea ‘eraikin adimendunetarako finantzaketa adimendunak’ abiarazten ari da, eta finantzaketa pribatua sustatu nahi du energia-eraginkortasuneko nahiz energia berriztagarrietako proiektuetarako”.

Halaber, Europako Batzordea proiektua Europako 100 hiritan baino gehiagotan garatzeko laguntza teknikoa eta juridikoa ematen ari dela azaldu du eta proiektuari finantzaketa pribatua gehitu nahi diola ziurtatu du, “15 euroko finantzaketa mobilizatuz Europar Batasunak emandako euro bakoitzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!