Ahal Duguko parlamentari kritikoek alderdia ordezkatzen ez dutela esan du Santos idazkari nagusiak

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 2a, 13:25

Argazkia: Ainhoa Aznarez eta Eduardo Santos Hiritarren Kontseiluan, artxiboko irudi batean.

"Ez dute Ahal Dugu ordezkatzen, ez dira Ahal Duguren parte eta ez dute Ahal Duguren ahotsa Nafarroako parlamentuan", adierazi du Eduardo Santos Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusiak.

Urak harrotuta jarraitzen du Ahal Dugun, banatuta dago: zuzendaritzarekin kritikoak diren lau parlamentariak batetik –Perez, Couso, Velasco eta Carrillo– eta zuzendaritzarekin bat egiten dutenak –Buil, Aznarez eta Saez–. Hain justu aste honetan, soka kritikokoen mugimenduek eman dute arreta: astelehean, berez alderditik kanpo dagoen Laura Perez izan zen mahaian eta eledunen batzarrean Ahal Duguren bozeramaile gisa aritu zena, eta gaur, alde ofizialarekiko oso kritikoa den gutuna argitaratu du Cousok, besteak beste, "purga bat" egon dela dio eta "ezkertiarrenak" baztertzen ari direla. 

Eduardo Santos alderdiko idazkari nagusiak eta, beraz, ildo ofizialeko kideak, parlamentari kritikoak Ahal Duguren ordezkariak ez direla azpimarratu du: "Ez dute Ahal Dugu ordezkatzen, ez dira Ahal Duguren parte eta ez dute Ahal Duguren ahotsa Nafarroako parlamentuan".

"Nahi dutena esan dezakete, baina ez dute alderdiko organo demokratikoek diotena aintzat hartzen", salatu du Santosek, Hiritarren Kontseiluaren erabakiei men egin ez dietela nabarmentzeko, izan ere, alderditik kanpo dago Perez eta espedientatuta gainontzeko hiruak.

Alderdia "batuta" dagoela nabarmendu du, halaber: "Alderdia batuta dago eta gatazka dago lau pertsonekin: bat kanpoan dago, berme batzordearen erabakiaren ondorioz, eta beste hirurekin".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!