Altsasuko gazteen defentsarako abokatuek eskaera egin dute azken orduetan: Concepcion Espejel epailea kasutik aldentzea da exijitu dutena. Epaileari berari eskatu diote bere borondatez kasua uztea, eta halakorik egin ezean errekusazioa aurkeztuko dute abokatuek. Izan ere, inpartziala ezin dela izan uste dute. Alde batetik, Guardia Zibilaren koronel batekin dago ezkondua Espejel eta bestetik, Guardia Zibilak berak domina emana dio epaile horri berari.
Hiru dira guztira Altsasuko Auzian aritzekoak diren epaileak. Espejel da horietako bat, zehazki, epaileen mahai horretako presidentea. "Auziaren inpartzialtasuna ezin da ziurtatu epaile horrekin", nabarmendu du Amaia Izko defentsarako abokatuetako batek. Zortzi dira guztira Altsasuko Auzian epaituko dituzten gazteak, horietatik hiruk 473 egun daramatzate preso urrunduta. Terrorismo delituak egotzi nahi dizkiete eta zigor eskaerak horri dagozkionak dira: 375 urteko espetxe zigorra guztira.
Informazio zabaltzeko kanpaina, bihar
Altsasu martxan izeneko birari ekin zioten hainbat kolektibok joan den asteburuan, preso diren gazteen egoera salatzeko eta auziaz informazioa emateko. Nafarroako Pirinioetan egin zuten lehen etapa, eta bihar egingo dute bigarrena. Nafarroako erdialdera joango dira: Tafalla, Gares eta Lizarrara. Mendialdera joko dute martxoaren 10ean (Lekunberri, Elizondo, Lesaka eta Baigorri); bizikleta martxa egingo dute martxoaren 17an (Iruñerria), eta Erriberako herrietan bukatuko dute bira, martxoaren 24an. Aurrenekoan azaldu zutenez, apirilaren 14an Iruñean egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dute bira honetan. «Beharrezkoa dugu bultzada hori».