Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura izaten ari da gaur. Lehen gaiarekin hasiko gara gu ere. UPNk eramandako mozioa eztabaidatu baitute. Joan den maiatzean erregistratu zuen, baina, gaur bertan eztabaidatu dute bilkuran. Zergatik? Iñaki Iriartek esan du, une aproposa iruditu zaiola honako hau.
Hori esanda, zer aurkeztu du zehazki mozio horretan? Bada, lau puntutan laburbildu du:
1. ETAren terrorismoa gaitzestea eta alboratzea eskatzen zuen.
2. Espainiako Gobernuari eskatu dio, judizialki ikertu ditzala ETAk enpresarien artean egindako estortsioa.
3. Nafarroako Gobernuari elkarlanean aritu dadila bi unibertsitateekin batera eta informazio lan bat zabal dezala: erakusketa bat egiteko aukera ere planteatzen da, jakiteko, zer nolako ondorioak utzi zituen ETAren estortsioak.
4. Omenaldia eta aitortza ekitaldi bat egitea estortsioa pairatu dutenen alde. Modu kolektiboan eta anonimoan, enpresariek hala nahiko balukete. Eta, Nafarroako Enpresaren elkartean plaka bat jartzeko proposamena ere barnebiltzen du azken puntu horrek.
Hori azalduta, UPNko Iñaki Iriarte bereziki EH Bildurekin izan da temati. Uste du, aukera gehiegi galtzen ari dela behingoz ETAren indarkeria gaitzesteko. Esan beharra dago mozioa aurrera atera dela EH Bildu baino ez delako abstenitu. Gainerakoek, babestu egin dute.
Hain zuzen, EH Bilduko Maiorga Ramirezek esan du, aurrera pausoak emateko, biktima guztiak aitortu behar direla. Hala, gustatuko litzaiokeela UPNko kideak ikustea indarkeria polizialen edo eskuin muturreko taldeen biktimen omenaldian.
Geroa Baiko Koldo Martinezek ere uste du, Nafarroako Gobernuak martxoaren 10erako antolatu duen omenaldian UPN egotea gustatuko litzaiokeela.
Mozioaren aldeko 41 boto eta 8 abstentzio izan dira.