"Hezkuntzaren kalitatea hobetuko lukeen hezkuntza itunaren negoziazioak" Hezkuntza Departamentuak "aldebartasunez" hautsi dituela salatu dute Hezkuntza arloko sindikatu guztiek -LAB, Steilas, Afapna, CCOO, ANPE, ELA, CSI-F, APS eta UGT-, eta, horregatik, mobilizazioak iragarri dituzte, bai eta informazio kanpaina ere.
Hezkuntza Departamentuak "konpromisoak" zehaztu ez dituela salatu dute, Maria Solana Hezkuntza kontseilariaren adierazpenak "erabat" gezurtatzearekin batera, izan ere, prozesua iraun duen "ia urtebetean" mahai sektorialean parte hartu duten sindikatuek "borondatea" erakutsi dutela deritzote. Irakasleen ikuspuntuaren inguruko "interes eza" izatea leporatu diote Hezkuntzari.
Murrizketen kontra, erdibiderik ez
Murrizketen "iraultze osoa" eta adostutako neurriak martxan jartzeko "zehaztapena eta konpromiso zehatzak" galdegin dituzte. "Ez dugu inondik inora nahi gure esfortzua plan malgu bat bilakatzea, non administrazioek neurriok era arbitrarioan eta poliki nahieran ezarriko dituen", adierazi du Amaia Zubieta Steilaseko kideak, sindikatu guztien izenean, itunari erreferentzia eginez.