Milaka lagun atera dira kalera. Pentsionistak haserre daude Mariano Rajoiren Gobernua hartzen ari den erabaki zenbaitekin. Oraingoan euren pentsioen igoera "barregarria" izan dute kezka nagusi. "Duin bizi ahal izateko ez zaizkigu pentsioak iristen", salatu dute hainbatek kalean. Urtearen hasieran Fatima Bañez ministroaren eskutitza jaso zuten pentsionistek. %0,25eko igoera izanen zutela euren pentsioek jasotzen zuen ohar hark. Eta haserre bizia sortu du horrek pentsionisten artean: "Barregarria da igoera hori. Askok 0,80 euroko igoera izanen dute pentsioetan. Onartezina da", salatu dute.
Iruñean PPren egoitzaren parean amaitu zen atzoko manifestazioa. Alderdi popularrak euren pentsioekin hartu duen jarrera salatu dute eta duintasuna aldarrikatu dute. Iruñean ez ezik, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere egin dituzte protestak. Jendetsuenen artean Bilbokoa. 35.000 herritar atera ziren kalera. Espainian ere irten dira elkarretaratze eta manifestazioak egitera. Madrilen esaterako Diputatuen Kongresuaren parean amaitu zen eta pentsionista batzuk hesia gainditzea ere lortu zuten.