Kode etikoa, irizpide politikoa eta antolamendua onartu zituzten Podemos-Ahal Dugun sartu ziren herritarrek. Errespetatu eta horekin bat eginen zutela adierazi zuten eta Laura Perezen kasuan ez da halakorik izan. Kode etikoa larriki hautsi duelako kanporatu dute alderditik. Hala berretsi du gaur goizean Euskadi Irratian Eduardo Santos idazkari nagusiak. Era berean nabarmendu duena da ez dela alderdi barruko gatazka izaten ari baizik eta alderdiaren eta lau parlamentari kritikoen artean. "Perezek kode etikoa hautsi duelako erabaki da alderditik kanporatzea. Parlamentuko akta alderdiak ezin dio kendu, berak erabaki beharko du koherenteki jokatuz eta Podemosen proiektuan sinesten ez badu, akta uztea", azaldu du Santosek.
Akordio programatikoa defendatzen segitzen dutela ere argi utzi nahi izan du Santosek: "Akordio programatikoa sinatu genuen eta horrekin aurrera egiten segitzen dugu". Kontua da, parlamentarien artean alderdiaren barruan hiru eta lau, bereiztuta daudela. Hiru "ofizialistak" dira eta lau "kritikoak". Arriskuan egon daiteke parlamentuko presidentzia, Ainhoa Aznarezen postua. "Ez dugu uste Aznarez presidentziatik kenduko dutenik. Oso arriskutsua izanen litzateke hori aldaketarekiko", azaldu du.