Podemos-Ahal Dugutik bota dute Laura Perez. Berme batzordeak berretsi zuen atzo ez dituela Perezen alegazioak aintzat hartuko eta erabakia alderditik kanpo uztea dela kode etikoa "larriki" hautsi duelakoan. Parlamentari lana ez duela behar bezala bete eta alderdiaren irizpideetatik kanpo aritu dela, bere kasa ibili dela argudiatu dute ebazpenean. Berehala alderdia uztera dei egin diote. Erabaki horrekin badirudi gero eta urrunago dagoela alderdi barruan sortu den ezinegona konpontzea. Parlamentuko taldeko eledun eta sektore kritikoko kide Carlos Causok aurreratu du ez dutela Perez parlamentuko taldetik kanporatuko. "Beste taldeetan independenteak ere badaude; ondorioz, ez legoke arazorik".
Podemos-Ahal Duguko talde "ofizialistak" agerraldia eman zuen atzo arratsaldean azaldu nahian zer nolako erabakia hartua zuen Perezen espedientearen harira. Kanporatzeko "beharrean" zeudela berretsi zuten. Eta gainerako parlamentari "kritikoei" eskua luzatu zieten atzera egin eta organoak markatzen dituen irizpideak betez alderdiaren nortasunera itzultzera.