Otsailaren 2an hasi zen Bardoak Nafarroako taldekako egitasmoaren edizio berria eta asteburu honetan emango zaio amaiera lehenengo faseari. Sei saio jokatuko dira eta horien ostean bigarren faserako sailkatuko diren sei taldeen izena ezagutuko da. Altsasun, Lizarra, Iruñean, Garraldan eta Elgorriagan izango dira asteburuko saioak.
Ostiralean, 19:30ean, bertso-merendua izango da Lizarrako Gure Hizkuntza elkartean. Han arituko dira herriko taldea, Lizaharrak, eta Iruñeko Mirristi Drimtin. Egun berean, baina 20:30ean, bertso saioa izango da Iruñeko Arrano elkartean, Xirristi Drimtin eta Aldatzea komeni taldeekin. Ostiraleko azken bertso saioa Altsasun izango da, herriko gaztetxean, 21:00ean hasita. Bertan Sakana Zirt eta Patioko Banda taldeak arituko dira kantuan.
Larunbatean beste hiru saio izango dute Bardoek. Elgorriagako ostatuan bertso merendua izango da, 18:00etan, Addams familia eta Barañetak taldeekin. Iruñeko Alde Zaharreko Gaztetxean ere bertso merendua izango da, 19:00etan hasita. Bertan Topa bardo kopa! eta Amortziaren eilobak taldeak arituko dira. Azkenik, 19.30ean, Garraldan bertso saioa izango da, Pirini Bardó eta Unibertsolariak taldeekin. Herriko Etxabarrengoa elkartean izango da saioa.
Asteburuko sei saio hauek jokatuta lehenengo fasea amaituko da eta sei talde sailkatuko da bigarrenerako. Martxoaren 2tik 11ra jokatuko dira bigarren faseko saioak. Bardoen finala, berriz, martxoaren 24an izango da, Lekunberrin.