Iberon eta Erreniagan egindako pintaketen kontrako salaketa jarri dute

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 15a, 13:44

Argazkia: Foruzaingoan jarri dute salaketa inguruko herrietako ordezkariek, gaur goizean.

“Gorroto delitua,  ekintza kriminala eta kalteak” salatu dituzte inguruko udalerrietako hainbat ordezkarik eta herritarrek eta "inpunitaterik" egon ez dadila aldarrikatu dute.

Iberoko hobi komunean eta Erreniegako oroimenezko monumentuan izandako pintaketak ikertzeko salaketa jarri dute inguruko udalerrietako hainbat ordezkarik eta herritarrek, Foruzaingoan.  “Gorroto delitua,  ekintza kriminala eta kalteak” salatu dituzte.

“36an demokratikoki erabakitako erakundeen kontra jo zuen gorroto bera da ekintzen atzean dagoena”, esan du Felix Trainek, erreniagako Hobi Komunen Elkartearen izenean, eta, halaber, kritikatu du "80 urte aitortzaren zain egon diren familiei" eragiten dietela pintaketek.

100 lagunen omentzeko espazioak

1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ondorioz eraildako "100 lagun baino gehiagoren omenezko tokiak" dira hobi komuna eta Erreniaga. “Hil zituzten lekua zein den zehaztea ez ezik, memoria tokiak bilakatu dira”.

“Erail zituztenean zeuzkaten ideiak defendatzen segitzen dugu eta Gerra Zibila eta osteko errepresioa piztu zutenen kontra”, adierazi du Trainek, halaber.

Espainiako bandera eta margoa

Zirauki eta Artazuko alkateek jarri dute salaketa, gainontzekoen izenean. Ezezagunek Erreniagan Espainiako bandera margotu zuten, oroitarria nagusiren gainean, otsailaren 3tik 4erako gauera eta, horrez gainera, margo gorria bota, errepresioa pairatu duten 19 herrien omenezko 14 harrietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!