Nola definituko zenuke "sexu ekologia"? Herritar ugari dira diotenak joera homosexuala zuzendu dutela, uste duzu botere publikoek debekatu beharko luketela legeren baten bidez? Eta tratamenduak ahalbidetzea zuzentze aldera? Zer nolako azalpena emanen zenioke beste planteamendu honi jakinda, gizakiek aurrez aurre izaten dituztela sexu-harremanak eta animaliak berriz atzetik? Zenbat denbora da ez duzula "adulterio" hitza entzun?
Halako galderak barnebiltzen zituen Opuseko unibertsitatean Antropologia eskolak hartzen dituzten ikasleen "ariketa" batek. Diseinu ikasketak egiten dituzten lehen mailako ikasleek berehala sare sozialetan kritiko agertu ziren galderak homofoboak zirelakoan. Irakasleak esan du, ez zela inolako azterketarik izan eta emaitzak ez zuela notarako baliorik izanen ere. Eztabaida sortzea zen galdetegiaren xedea unibertsitateak ateratako oharrak adierazten duenez eta onartu dutena da "galdetegiaren formatuan, planteamenduan eta erabilitako hizkuntzan" "akatsak" egon daitezkeela. Gaineratu dutena ohar horretan da, ez dutela inor mindu nahi izan.
28J plataformatik, kritikak
Sare sozialen bidez mezua zabaltzen hasi bezain laster oso kritiko azaldu ziren zenbait plataforma. Kattalingorri, Sare eta Hiesaren Aurkako Taldeak, guztiak 28J plataformaren barruan daudenak, salatu zuten galdera "homofoboak" planteatu zirela.