2008koa da gaurko argazkia. Zaharkitua egongo dela pentsa dezakezue, baina tamalez islatzen duena ez da horren zaharra. Igor Portu azaltzen da irudian, erietxean zauriturik. Atzoko albiste batek eragin du argazkia artxiboetatik egunkari azaletara jauzi egitea: Estrasburgok Espainia zigortu du Portu eta Sarasolaren tortura auzietan. Kasualitatea izango da agian, baina egun berezian iritzi da ebazpena. Torturaren aurkako egunean, alegia.
Kaleko hotsak Europako giza eskubideen auzitegiak hartu ditu; gehiago gara orain, beraz, Espainian torturatu dela esaten dugunak. Ezjakina da oraindik Espainiak nola erantzungo dion ebazpenari, baina zinez espero dut erreparazioan, aitortzan eta justizian aurrera egiteko balio dezala.