Udazkenean iritsiko da epe berezia sindikalgintzarako Nafarroan. Hauteskunde sindikalak iritsiko dira eta garrantzia berezia izanen dute aurtengoan. Izan ere, gero eta desberdintasun gutxiago daude ordezkari sindikalen artean. UGTk lehen postuan segitzen du baina gertutik ditu CCOO eta ELA sindikatua ere. Inoiz izandako alderik txikiena dago bi horien artean: 149 ordezkarirena hain zuzen ere. Gainera, LAB sindikatuak ere gero eta indar gehiago du eta ia mila ordezkari izatera iritsi da: 942 ditu.
Urritik eta heldu den urteko ekainera arte 3.779 ordezkaritza izanen dira jokoan egonen direnak, hau da, ordezkari guztien artetik %63. Garrantzitsua izanen da gainera, krisiak gogor kolpatu duelako ordezkaritza sindikala eta ordezkaritzen %15 gutxienez galdu zen. Horretan eragin handia izan zuen, noski, enpresen itxierak, lan erregulazio espedienteek eta oro har ekonomiak eta enpleguak izandako beherakadak ere. Baina, egoera horri buelta ematen hasiak zaizkie, eta, berriz ere gero eta indar handiagoa hartzen ari da.
Ordezkaritzaren banaketa gero eta estuagoa
UGT litzateke indar gehien lukeena 1.515 ordezkarirekin, nahiz eta azken urteetako beherakada nabarmena izan den: 2009. urtean 2.105 ordezkari zituen. CCOOk 1.429 ordezkari ditu egun. 2016an 12 ordezkari galdu zituen baina azken hilabeteetan lau eskuratzea lortu du. ELAK 1.366 ordezkari ditu. Azken urtean 7 ordezkari gehiago eskuratu zituen baina urte hobea izan zen 2016a 60 ordezkari gehiago izan baitzituen. LABek 942 ordezkari ditu. Hazkunderik handiena izan duen sindikatua da. 35 ordezkari gehiago izan zituen iaz eta 2016 eta 2015ean 82 gehiago.
Hain zuzen ere ordezkariek datu horiek begiratu dituzte eta nabarmendu dutena da, ordezkaritzak indar hartzea garrantzitsua dela langileen baldintzak ziurtatze aldera. Hala, LAB sindikatuko Nafarroako idazkariak, Imanol Karrerak esan du, euren sindikatuaren helburua zela ordezkaritzaren %16 lortzea, eta dagoeneko %15,72a izanda, orain, anbizioa handiagoa izan behar dela uste du. ELA sindikatuko kide Maria Baldaren esanetan garai onak itzuli dira berriz ere langileen ordezkaritzaren alorrera. ELAk 318 ordezkariren aldea txikitzea lortu dio UGTri eta hori aurrerapen handia iruditzen zaio. Comisiones Obreras sindikatuak lortu du ELA sindikatuarengandik urruntzea eta UGTri ere ordezkaritza kopurua murriztea. UGTk esaten duena da, bera dela oraindik ere indar handiena duena Nafarroan eta horrek adierazten duela langileek sinesten duten sindikatua dela UGT.