Kaleratzeen kontrako greba mugagabea eginen dute gaurtik aurrera Selectan

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 9a, 08:34

Argazkia: Pelican Rouge, Demas eta Selecta enpresek bat egin zuten iragan abenduan. / LAB Nafarroa

Kafea, edariak eta gisakoak ematen dituzten makina automatikoetako enpresak "kaleratzeekin eta baldintzak kaxkartzen" segi bitartean iraunen du langileen grebak.

Pelican Rouge, Demas eta Selecta enpresek bat egin zuten iragan abenduan, eta, horrez geroztik, okerrera egin dute baldintzek, LAB sindikatuak salatu duenez. Lan Espedientea ere zabaldu dute, langileak kaleratuz. Horregatik, egoera iraultzeko asmoz, greba mugagabea abiatu dute gaur, LABek deituta.

Negoziazio batzordea orain dela hilabete abiatu zen Madrilen, UGTren eta CCOOsen parte hartzearekin; LABek, ordea, Nafarroan negoziatzeko eskatu zuen. Hasiera batean  baiezkoa eman bazuten ere, atzera egin zuten, eta, beraz, greba deitzearen alde lerratu da LAB.

"Honengatik eta enpresaren aldetik Nafarroan dagoen ordezkaritzarekin negoziatzeko duen etengabeko ukapen jarrerarengatik, bihartik aurrera greba mugagabeari ekinen diogu, gure lan baldintzak errespetatu eta lanpostu guztiak bermatzen diren arte. Jakin badakigu azkenengo urteetan Nafarroako ordezkaritzak nahikoa etekin lortu dituela eta lortuko dituela aurrerantzean ere edozein motatako aldaketei aurre egiteko, langileon lan baldintzetan ondorioak jasan behar izan gabe. Hala, langileak garen heinean, adierazi behar dugu gure eskubideak defendatzen jarraituko dugula", adierazi du Nahikari Arduya LABeko merkataritza arduraduna Nafarroan. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!