Nafarroako Gobernuak 19 publizitate-kanpaina planifikatu ditu 2018rako

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 7a, 20:31

800.000 euro baliatuko du plan honetarako. Iaz 901.000 euro bideratu zuen publizitate instituzionalera zuzenean eta beste 446.000 departamentuen bidez. Diru gehien jaso zuen Diario de Navarra izan zen, 432.759 euro eta ondoren Diario de Noticias 239.851. Euskalerria Irratiak 14.955,86 euro jaso zuen.

Nafarroako Gobernuak gaur goizeko saioan onartu du 2018rako Publizitate Instituzionalaren Plana, Foru Exekutiboa osatzen duten bederatzi departamentuen eskuduntzako gaiei buruzko informazioa eta kontzientziazioa herritarren artean zabaltzeko 19 kanpainaren datak finkatzen dituena. Ondoz ondoko bigarren urtez, Gobernuak publizitateko inbertsioaren aurreikuspen hau ezagutzera ematea erabaki du.

Hartara, 2018an, 800.000 euro bideratuko dira Publizitate Instituzionalaren Plan hau finantzatzera, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak gobernu-ekintza osorako eta zeharkako izaeraz kudeatzen duen "Publizitate instituzionala" deritzon aurrekontu-sailari atxikita. Exekutiboko departamentuek eta organismoek kanpaina hauek indartu edo bestelako publizitate-ekintzak bultzatu ahal izanen dituzte beraien aurrekontu-sailetatik ordainduta.

19 kanpaina nagusi horietan, departamentu bakoitzak sustatutako bi kanpaina daude eta 2018ko Nafarroaren Eguneko ekitaldi-egitarauan herritarren parte-hartzea sustatzeko izaera instituzionaleko kanpaina gehigarri bat. Kanpaina bakoitzak 40.000 euroko aurrekontua izanen du, salbu eta 2017ko Errenta kanpainaren aurkezpenean herritarrak informatu eta kontzientziatzeko egingo den publizitate-inbertsioak, 80.000 euroko aurrekontua aurreikusi baitzaio; edota gaur bertan bukatu eta eskolarako aurrematrikulazio-aldiarekin batera antolatu den eskola publikoa sustatzeko kanpainak, 50.000 euroko gastua ekarri baitu.

Gaiei dagokienez, eskaintza ezin zabalagoa izanen da: besteak beste, iruzur fiskalaren aurkako borroka, Nafarroako nekazaritza-elikagaigintzako produktuen kontsumoa edota eskola-erasoaren aurkako sentsibilizazioa. Denboraren araberako antolaketari dagokionez, hileko hiruna kanpaina eginen dira martxoan, maiatzean, urrian eta azaroan; bina apirilean, ekainean eta irailean, eta urtarrilean beste bat egin zen. Nafarroako Gobernuak ez du aurreikusi otsailean, uztailean eta abuztuan publizitate instituzionaleko ekintzarik egiterik.

Gaur onartutako Planak bere hartan jaso du Nafarroako Gobernuak publizitateari buruzko kontuak Gobernu Irekiaren Atarian eta seihilero emateko hartu zuen konpromisoa, eta audientzia-kuota baizik ez du irizpidetzat hartu publizitateko inbertsioa komunikabideen artean banatzerakoan, betiere CIES S.L. enpresak landutako Nafarroako Komunikabideen Audientziaren Azterketaren arabera, horixe baita Foru Komunitatean laginketa-mailarik handiena duena.

Berritasun gisa, 2018ko plangintzak aintzat hartu du, Nafarroako Gobernuak sustatutako publizitatearen edukietan euskararen erabilerari buruzko arau berria aplikatzeko obligazioa.

Nafarroako Gobernuak 2017an publizitate instituzionalean egindako inbertsioaren balantzea

Arestian adierazi den bezalaxe, Nafarroako Gobernuak 2017an argitaratu zuen lehenbiziko aldiz publizitate instituzionalaren plangintza. Aurreikuspen hori eta Foru Exekutiboko departamentuetatik zuzenean sustatu eta finantzatu ziren kanpainak gauzatu ahal izateko, aurrekontu-egikaritzeari buruzko behin-behineko datuen arabera, 2017ko ekitaldian 1.348.017,81 euro inbertitu ziren guztira: 901.735,50 euro Komunikazioko eta Harreman Instituzionaletako Zuzendaritza Nagusiak zeharkako izaeraz kudeatzen duen Publizitate Instituzionala deritzon aurrekontu-sailari atxikita; eta 446.282,31 euro Nafarroako Gobernua osatzen duten bederatzi departamentuen aurrekontu-sail propioei atxikita.

Nafarroako Gobernuak publizitatean egindako inbertsioaren % 88,4 nafar komunikabideetara zuzendu zen, % 9,1 kanpo-euskarrietara eta zinema-areto komertzialetara, eta gainerako % 2,5 bestelako publizitate-euskarrietara (sare sozialak, prentsa eta irrati nazionala…).

Nafarroako Gobernuak kontratatutako publizitate-euskarri nagusia Nafarroako egunkariak edo Foru Komunitaterako edizioa argitaratzen duten egunkariak izan ziren, 733.490,75 euroko inbertsioaz (publizitateko inbertsioaren % 54,4).

Kopuru horretatik, % 59 Diario de Navarrak jaso zuen, % 32,7 Diario de Noticias-ek, % 4,3 Garak eta gainerako % 4 Berriak.

Bigarren euskarririk erabiliena irratia izan zen (Nafarroan emititzen duten bost irrati jeneralistak eta, neurri txikiago batean, audientziarik handieneko hiru irrati-formulak), publizitateko inbertsioaren % 18,3 jaso zuelarik: 246.879,57 euro. Kopuru horretatik, 231.112,21 euro irrati jeneralistetara bideratu zen: 90.362,26 euro Ser irrati-katera (% 39,1), 61.394,22 euro Cope irrati-katera (% 26,6), 57.824,72 euro Onda Cero Navarrara (% 25), 14.955,86 euro Euskalerria Irratira (% 6,5) eta 6.575,15 euro Xorroxin Irratira (% 2,8). Musika-irratietan egindako 15.767,36 euroko inbertsioa Cadena Cien (% 39,6), Europa FM (% 36,8) eta Cuarenta Principales (% 23,6) irratien artean banatu zen.

Foru Gobernuaren sustapen-kanpainen hirugarren publizitate-euskarria Nafarroako telebistak izan ziren, 113.707,21 euroko inbertsioaz (publizitateko inbertsioaren % 8,51), horren % 84,75 Navarra TVra (96.365,26 euro) eta gainerako % 15,25 tokiko telebistetara zuzendu zirelarik: Xaloa (5.920,68 euro) eta Hamaika TB (4.919,74 euro) Iruñeko LTD mugapean; Zona Media TV (3.834,42 euro) Tafallako mugapean; eta kable bidezko 30TV (1.505,38 euro) eta TeleRibera (1.161,73 euro) telebistak.

Komunikabideetan egindako gainerako inbertsioak Nafarroako tokiko prentsan publizitate-tarteak erostera bideratu ziren (69.003,11 euro, inbertsioaren % 5,1), baita hedabide digitaletan ere (28.519,39 euro, % 55,5 diariodenavarra.es-en eta beste % 44,5 noticiasdenavarra.com-en).

Komunikabideetatik at, hauek dira gehien erabii ziren publizitate-euskarriak: Iruñerriko, Lizarrako eta Tuterako eskualde eta hiri barruko garraioko markesinak izan dira 104.940,91 euroko baterako gastuaz (publizitateko inbertsioaren % 7,8) eta Nafarroako zinema-areto komertzialak (18.320,61 euroko inbertsioaz, inbertsio osoaren % 1,4).

Azkenik, 2018ko publizitate-inbertsioaren aurrekontu-egikaritzea osatzeko, beste euskarri (sare sozialak, kanpo-karteleria…) eta hedabide mota batzuk kontratatu ziren Nafarroatik kanpo, 33.156,26 euroko zenbatekoaz (inbertsioaren % 2,5).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!