Ruta Quetzal izandakoak inspiratuta jaio da EuskarAbentura egitasmoa 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei dago zuzendua, hau da, 2001-2002 urtean jaiotakoei. EuskarAbenturako kide diren Areta Lorea eta Beñat Gariok adierazi bezala, Euskal Herriko 7 herrialdetako eta diasporako gazteek osatuko dute espedizio taldea. Euskaraz dakien edozein gaztek hartu dezake parte, edozein duelarik jatorria. Ez da matrikula-kuotarik ordaindu beharko.
Espedizioa uztailaren 1ean abiatuko da Mauletik, Done Jakue bidearen ibilbide Frantsesa jarraituz, Donibane Garazi eta Iruñetik igaro eta Vianaraino. Bertatik autobus batek Donemiliaga Kukulara eramanen ditu abenturazaleak. Bertan orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusi ahal izango dituzte.
Donemiliagatik Añana Gatzagara igo eta Barnealdeko bidea kontrako norabidean egingo da Iruneraino. Trenez Baionara igo eta handik Kostaldeko ibilbidetik jarraituko da, Kantauri kostalde guztia zeharkatuz, Getxoko Bizkaia zubian amaitzeko, uztailaren 31n. Espedizioa Euskal Herrian kokatzen diren Unescok izendatutako gizateriaren ondare guztietatik pasako da: Done Jakue bidea, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaiako zubia. Sanferminetatik ere pasako dira gazteak.
Parte hartzeko izen-emate inprimakia betetzearekin batera gazteek motibazio gutuna eta lan bat bidali beharko dituzte. Lana egiteko hiru gai orokor daude aukeran, era librean landu ahal direnak: Euskara & zure herria, Euskara & emakumeak eta Euskara & itsasoa. Goñik azpimarratu bezala “talentu ezberdineko gazteak erakartzeko” asmoz, elkarteak bost motako lanak jasoko ditu: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala eta ikus-entzunezkoa. Izen-emate eta lanen bidalketa www.euskarabentura.eus webgunearen bitartez egingo da eta horretarako epea martxoaren 18an bukatuko da. Lanak Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean ebaluatuko dira eta lan onenen egileek espedizio-beka lortuko dute. Apirilaren 16an argitaratuko da abenturan parte hartuko duten 120 gazteen zerrenda.