448 egun beteko dituzte gaur Altsasuko Auzian epaituko dituzten hamar gazteen artetik hiruk espetxean. Adur, Jokin eta Oihanek urrunduta daramatzate egun horiek guztiak, kartzelan. Taberna giroko liskar batan parte hartzeagatik eta bi guardia zibilei orkatilean zauriak egiteagatik "terrorismo delitua" egozten diete. Proportzionaltasuna, justizia eta bidezko epaiketa bat egin diezaietela eskatzen ari dira gazte horien gurasoak eta oro har gizarteko hainbat eragile, bizilagun eta herritar.
Nafarroari bira emanen diote otsaila eta martxoa bitartean Altsasuko Auziaren inguruko informazioa zabaldu eta jendeak ikus dezan, jakin dezan kasu honen atzean dagoen bidegabekeria.