Iturengo inauterietan "erasoak eta irainak" salatu dituzte hainbat kamerarik

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 1a, 13:43

Argazkia: Zubieta eta Iturenen artean ibiltzen dira joaldunak inauterietan.

Informatzeko eskubidearekiko "errespetua" eskatu dute, agiri bateratu baten bitartez, bai eta beren lana "zorroztasunez" egiten utz diezaieten, inauterietan zenbait liskar izan ostean.

Iturengo inauterietan lan egitera joan zirenean, "erasoak, irainak, mehatxuak eta tresnerian kalteak" pairatu zituztela salatu dute EiTB, NaTv eta beste hedabide batzuetako hainbat kamerarik, agiri bateratu baten bitartez. 

"Eraso" egin zieten pertsonak "anonimatua eta maskaren inputunitatea baliatuz" aritu ziren, haien aburuz, eta Iturengo herritarrak "ordezkatzen" ez dituztela nabarmendu dute, gertatutakoa salatzearekin bat. 

"Erasoen" gaitzespena

"Eraso hauek arrisku larria dakarte eta aurpegiratzeko moduko jarrerak dira; heldugabetasunaren gorazarrea da, biolentzia ekintza eta informatzeko eskubidearen kontrako erasoa", esan dute prentsari igorritako oharrean. 

Gisa horretako herri jaietara "informazioaren profesional gisa" joaten direla nabarmendu dute, "ez aisialdiarengatik ez eta dibertigarria delako ere".

Era berean, egindako "akatsak" onartu dituzte, baina azpimarratuz "askotan" lan egiten dutela "baldintza umiliagarrietan". 

Herritarren ezinegona

Herritarren "egonezina" ulertzen dute, "masifikazioaren eta irudien zabalpen arduragabearen aurrean", baina, horregatik, "ezinbestekoa" deritzote "profesionalen jardun informatiboari".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!