Presoen gurasoen %98a edadetua da, 60 urtetik gorakoak asko eta, gehienak, 70 urtetik gorakoak; gauza bera gertatzen da senide zuzenekin, osaba-izebekin, esaterako, eta zer esan aitatxi-amatxien kasuan. Hori dela medio, sakabanaketak adineko pertsonengan eragindako ondorioak kontatzeko asmoz, Urrunketa: kalte eta eraginak adin nagusiko pertsonengan txostena kaleratu du Etxeratek.
Senide horietako gehienek 10 eta 30 urtez egin behar izan diete aurre derrigortutako bidaiei, bidaia "luzeak, zailak eta garestiak, zentzu guztietan".
Adina eta gaixotasuna
Adinaren eta maiz gaixotasuren ondorioz, beraz, iristen da bisitak ez egiteko une hori. Egoera horren adibidetzat, Etxeratek jakinarazi du urtebetean bi senide ospitaleratuak izan direla: bat, bisitaren aurretik; bestea, bisita egitera bidean zela.
"Senideek bidaiatu besterik ezin dute egin seme-alabak,bilobak edota ilobak ikusi nahi badituzte, beren osasun egoera edozein dela ere", esan dute Etxeratetik.
Txostenaren inguruko hitzaldiak, proiekzioak eta beste eginen dituzte, herriz herri, martxotik aurrera.