2017an, Nafarroako barne-produktu gordina (BPG) Foru Gobernuaren aurreikuspena baino hamarren bat gehiago igo zen, hots, % 3,2, Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Aierdik astearte honetan jakitera eman duenez BPGaren 2017ko bilakaeraren balantzearen aurkezpenean. Lehendakariordea zuhur agertu da, baina baikor, Nafarroako ekonomiak datozen urteetan izango duen aurrerapenari dagokionez.
Hazkunde-erritmoa, halaber, Estatistikako Institutu Nazionalak estaturako aurreikusitakoa baino handixeagoa izan da, hots, % 3,1.
Aierdik nabarmendu duenez, eskualdeak urteko azken hiruhilekorako aurreikusitakoa baino hobeto eutsi dio jarduerari, eta, Nafarroaren kasuan, arindu egin dira auto-ekoizpenaren jaitsieraren albo-ondorioak. Volkswagenek Landabengo lantegia hilabete batzuetan geldirik egon da iaz, Polo eredu berriaren fabrikaziorako prestatu ahal izateko. Galera hori antzeman da herrialdeko jarduera industrialaren bilakaeran. Hala ere, jarduera ekonomikoak eta enpleguak urteko lehen erdian izandako hazkunde ikusgarriak eta geroagoko beste sektoreen portaera onak balio izan dute barne produktu gordinaren hazkunde joerari eutsi ahal izateko.
Lehendakariordeak adierazi du urtearen lehenengo erdia denboraldi bereziki hedakorra izan dela, bai jardueran, bai enpleguan, "aurreikusitakoa baino gehiago, eta, horri esker, ekitaldiaren amaierarako, krisiaren aurreko erritmoan egin du aurrera hazkundeak, aurreko ekitaldietan (% 2,9) baino azkarrago, gainera".
% 3ren inguruko hazkunde horren ondorioz, enplegua sortu da, 7.000 lanpostu baino gehiago sortu baitira, eta afiliazio-zifrak 2008ko maila berera itzuli dira.
Sektoreka, Aierdik kontsumoa eta zerbitzuak jo ditu protagonistatzat, eta Nafarroa da jarduera horiei lotutako gaiak gehien hazten diren eskualdeetako bat.
Era berean, Foru Komunitatean igo da gehien, azarora arte, merkatu-zerbitzuen negozio-bolumena, batez ere jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen eta jarduera administratibo eta laguntza-zerbitzuen gorakadari esker.
Afiliazio-datuei dagokienez, enpleguari, hezkuntzari eta osasunari lotutako zerbitzu-jarduerak igo dira gehien.
Datu horien guztien argitan, Nafarroak murriztu egin du iaz enplegu-sorreran estatu osoarekiko zuen alde negatiboa; hala, bigarren hiruhilekoan hamabi hamarreneko aldea izatetik hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan bostekoa eta hirukoa izatera pasatu da, hurrenez hurren.
% 0,7ko hazkundea hiruhilekoko
Iazko laugarren hiruhilekoan, % 0,7 hazi zen barne-produktu gordina uztailekoarekiko eta irailekoarekiko, eta bizkortu egin da zertxobait; izan ere, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago hazi da.
Urte batetik bestera —erreferentzia hori argiagoa da ziklo ekonomikoan—, 2017ko laugarren hiruhileko BPGa 2016ko denboraldi berekoa baino % 3,2 handiagoa izan zen.
2018rako aurreikuspenak
Lehendakariordearen hitzetan, urte honetarako hazkunde-aurreikuspenak, bai Nafarroako ekonomiarenak, bai estatuarenak, "baikortasunez ikusten dira, neurri batean".
Adierazi duenez, Nazioarteko Diru Funtsak % 2,4ko hazkundea aurreikusten du 2018an estatu osorako; aurreikuspen hori Nafarroako Gobernuak Foru Komunitaterako aurreikusi duen % 2,7 baino zertxobait baxuagoa da.
% 2,7ko aurreikuspen hori berretsi berri du Zerga Erantzukizuneko Agintaritza Independenteak (AIReF), eta zuhurtzat jo du, ez baitu goranzko joerarik, eta darabiltzaten konfiantza-tarteen barruan baitago, tarte horien muturretatik urrun egon ere.
Halaber, Aierdiren ustez, aurreikuspen horrek eragile ekonomikoetan du isla, zeinak datozen hilabeteetarako konfiantza hobetuko delako seinaleak hasi baitira ematen.
Lehendakariordearen iritziz, 2017an, Nafarroako jarduera industrialean eragina izan du, bereziki, Volkswagenen fabrika egokitzeak; izan ere, ibilgailu gutxiago fabrikatu ditu behin-behinekoz.
Hala ere, etorkizunerako espero den hobekuntzak hazkundea ekarriko luke sektorera, "industriako enpleguan ikusten ari garen datu onen argitan". Halaber, suspertze horri esker, lehengo esportazio-mailetara itzultzea aurreikusten da, "eta horrek bermatzen du gure eskualdea hazi egingo dela datozen urteetan".