1978ko sanferminetako "triskantza" oroitzeko monumentua jarriko dute

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 30a, 08:21

Argazkia: Dora Salazar sortzaile eta Helena Bengoetxea Sanfermines 78 gogoan plataformako kidea.

Dora Salazarrek egindako eskultura ipiniko du Sanfermines78 Gogoan herri ekimenak zezen plaza inguruan, poliziak eraildako German Rodriguez oroitzeaz gain, gainontzeko zauritu guztiak ere omentzeko.

1978ko sanferminetako "triskantza" herriaren memorian geratzea. Hori da Sanfermines78 Gogoan  plataformaren helburua, eta, horregatik, Dora Salazarren eskultura jarriko du, zezen plazaren inguruan. Orduko uztailaren 8an poliziak eraildako German Rodriguezen erailketa oroitzeko oroitarri txiki bat existitzen da egun, baina, Rodriguez gogoratzeaz gain, zauritutako guztiak omendu nahi dituzte -tiroz zauritutako 11 lagun egon ziren-. 

Udalaren baimena badute, eta, orain, crowdfundinga eginen dute, eskultura finantzatzeko. Bi metroko altuera izanen du eta brontzez eginda egonen da. Barruan, "memoriaren kutxa" sartuko dute, finantzatu duten pertsona guztien izenarekin. 

"Gorputz totemikoa" izanen da eskultura, ez bururik ez besorik ez duena, "baina mingarria izan gabe", Salazar egilearen hitzetan. "Oroitzeko espazioa izanen da, ez oroitzekoa soilik, baizik eta, gerora begira, erasoei stop esanen diena".

"Zentzurik gabeko eraso hori eta kolpatutako hiriak jasandako mina adieraziko du eskulturak. Zezen plazan zeuden 20.000 lagunetako edozein izan zitekeen German", esan du Helena Bengoetxeak Sanfermines 78 Gogoan plataformaren izenean. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!