31 urteren ostean hegazkinetara igotzeko baimena kendu diote Patxi Zamora Kontuz elkarteko kideari, eta, beraz, kaleratua izan da, baina ez enpresak ezta Zamorak berak ere ez dakite zein arrazoi dagoen. "Mendekua" izan dela salatu du Zamorak, Kontuz elkartean eta El Banquete liburuan argitara emandako kasuak medio; horregatik, "kaleratze ideologikoa" izan delakoan, babesa azaldu diote Nafarroako Gobernua sostengatzen duten indarrek.
Estatuaren makinariak jota
Zamorak "Nafarroako erregimenaren funtzionamendua" agerian utzi zuela adierazi du EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek eta, beraz, "mendeku politikoa" dagoela kaleratzearen atzean. Ildo beretik, Geroa Baiko Koldo Martinezek kaleratzearen arrazoiak "publiko" egin beharko lituzketeela adierazi du.
"Estatuaren estolderia" aipatu du Mikel Builek (Ahal Dugu) eta horren ondoriotzat jo du Zamoraren kasua, era berean, estatuaren kontra jo du, "herritarren oinarrizko eskubideak ez defendatzeagatik".
Izquierda-Ezkerraren aburuz, "zigor zentzagarria" ezarri nahi diote Zamorari, "ustelkeria salatu nahi dutenek egin ez dezaten".
Azalpen eske
Espainiako Gorteetan eta Nafarroako Parlamentuan landuko dute Zamoraren kasua zer gertatu den argitzeko asmoz.