2019an hasiko da bizikleta zerbitzu berria, Iruñeko auzo guztietan, Iruñeko Udalak elkarrizketa bidezko prozesu parte hartzailea eta Mugikortasun Behatokiarekin bilerak egin eta gero. Garrantzi handiagoa izanen du orain bizikletak, "hiriko garraio sarean txertatuz eta ikasgunera, zaintza tokietara edota lanera joateko garraiobideen artean sartuz".
Auzoen arteko konexioari eta auzoen barne loturari erreparatuko dion zerbitzua da martxan jarriko dutena. Gainera, bestelako garraioekin lotzea espero dute, tren geltokiarekin adibidez, bidaia luzeagoak ahalbidetzeko.
Denen neurrira
Gainera, herritarren askotariko profiletara iristeko, bizikleta elektrikoa jarriko dute martxan, Donostian, Bartzelonan eta Madrilen nola, adin tarte guztietako herritarrak bizikletaz mugi daitezen.
2016an, Nbici-Bizizek 10.238 bizikleta mailegu egin zituen eta, guztira, 38.420 kilometro osatu zituzten erabiltzaileek, aurreko urtean baino %50 gehiago -2015ean, 25.595 kilometro osatu zituzten-.