Arrotxapeko El Irati futbol-zelaia berriz ere erabilgarri egongo da otsailetik aurrera, soropil, instalazio eta altzari berrituekin. Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek obrak bisitatu dituzte gaur goizean, zeinak amaitzear baitaude. Egun hauetan zehar, zelaia markatzen amaituko da, eta zelaia lastatu eta orraztuko da. Horrekin amaitutzat joko dira lanak.
Mondo Ibérica SA enpresari esleitu zaizkio lanak 125.000 euroan (lizitazio-prezioa baino % 32 gutxiago). Soropil artifiziala erabat ordeztu du, ubideak birjarri, eta ate zein aulkiak doitu. Halaber, aurretik zegoen soropila kendu eta gero antzeman den iturgintzaren egoera txarrak ureztatze-sistemako zenbait elementu ordezkatu behar izatea eragin du. Aurreikuspenen arabera, otsaileko lehen astean zelaia erabiltzeko prest egongo da.
El Irati futbol-zelaia Arrotxapeko Nazario Carriquiri kalean dagoen udal-instalazioa da. 2002an eraiki zen, antzinako hondarrezko futbol-zelai baten gainean, eta ihinztaketaren bidez ureztatzeko sarea, futbol 11ko eta futbol 7ko ateak, aulkiak eta banderatxoak ditu. Hainbat kategoriatako talde ugarik erabili ohi duten futbol-zelaia da. Bertan zegoen soropil artifizialaren erabilera-aldia hamar urtekoa zen, fabrikatzailearen arabera, eta duela sei urte aldatu behar zen. Auzotarren eskaera, Arrotxapeko elkarte eta kolektiboen bidez igorrita, auzoko zinegotziak eta Kiroleko eta Hiri Bizigarriko Alorrek jaso dute, eta horri esker erabat berritu ahal izan da futbol-zelaia.
Soropil berria 60 mm-ko altuera duen filamentu bakarreko soropil artifiziala da, UVA izpien kontrako tratamendua duten zuntzekin eta beroa, izotza zein muturreko eguraldi aldaketak jasaten dituena. Halaber, ura biltzeko altzairu galbanizatuzko ubidearen saretak konpondu edo ordeztu dira, hondatuta baitzeuden, eta soropilaren altuera berrira egokitu dira gorantz egiten duten aspertsoreak.
Baita ere, futbol 7ko ateetako bati eusten dioten zapatak konpondu dira, eta ate zein aulkiak aztertu eta konpondu dira, eta zelaiko ate-sorta bakoitzeko sareak berritu dira.