Nafarroako kontu ekonomikoak “ordenatzea” lortu da iazko diru-sarreren bitartez. Horixe ziurtatu du gaur Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak. Izan ere, 2017an krisi ekonomikoaren hasiera baino lehenagoko datuetara itzultzea lortu da eta hala, 2018 honetan finantziazio beharra txikitzea ahalbidetuko du.
Azken zortzi urteotako daturik onenak eskuratzen ari direla ohartarazi du. Epe motzerako ez du beharrezkoa izanen foru erkidegoak mailegurik eskatu beharko, batez ere, urtarrilean izaten diren gastuei aurre egiteko.
2017an zehazki Nafarroako Ogasunak 3.682 milioi euroko diru sarrerak eskuratu zituen, %13,3 gehiago. 2007an izan zen diru sarrera gehien izan zen urtea, hau da, duela 10 urte, eta urte hartan baino %2,5 gehiago sartu da aurten. Hiru arrazoirengatik izan da diru-sarreren igoera hori kontseilariaren esanetan:
- 2015eko erreforma fiskalari esker
- Garapen ekonomikoari esker
- Espainia eta Nafarroa artean 2015-2019 urteetarako hartutako neurri fiskalei esker, zergen doikuntza, Hitzarmen Ekonomikoari esker alegia.
Foru erkidegoko kontu ekonomikoak ordenatuak izateak zer ekarriko du epe motzean? Bada, entzun duzue, besteak beste, enpresei BEZa itzultzen hasiko zaie. 70.000 eurotik gorako kitapena dutenei eta euren obligazioak, betebeharrak, betetzen dituztenak izanen dute lehentasuna BEZaren itzulketa horretan. Itzulketa, bi eta lau hilabeteren bueltan egitetik, hilabete bat eta biren artean egitera pasako da.
Era berean, Sozietateen Gaineko Zergaren itzulketa ere aurreratzea eraginen du. Hala, sei hilabeteko epean itzultzen bazen orain arten, hemendik aurrera epe hori ere txikitzea lortuko du gobernuak.
Gobernua datuekin kontent, krisia hasi aurretiko egoerara itzultzeak eragin duelako BEZa itzultzerako unean azkartasun handiagoz aritzeko.