Gastu sozialerako bideratu beharko litzateke Hitzarmenetik iritsiko dena

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 24a, 08:02

CCOO sindikatuak atzo eskaini zuen agerraldia.

Comisiones Obreras sindikatuak ere 215 milioi euroak gastu sozialerako bideratu behar direla uste du. "Ausardiaz" jokatzeko eskatu dio gobernuari. 

Comisiones Obreras sindikatuak ere 215 milioi euroak gastu sozialerako bideratu behar direla uste du. Inbertsio sozialera bideratu behar da diru hori eta ez zorra kitatzera. Baina horretarako, badakite beharrezkoak direla bestelako aldaketak egitea.

Izan ere, Cristobal Montororen sailak ez du halakorik egiteko aukerarik ematen. Konstituzioaren 135. Artikuluaren arabera, gastu muga batek galaraziko luke 215 milioi euro horiek inbertsio sozialak egiteko bideratzea eta, derrigorrez, zorra kentzeko baliatu beharko lukete. Gauza bera gertatzen da udalekin ere. Nahiz eta barne kontuak saneatuak izan eta  altxortegian dirua izan, ezin dute nolanahi erabili Espainiatik ezartzen den muga dela-eta.

Behar sozialak dauden bitartean, zilegiena eta bidezkoena, behar gehien duenari bideratzea litzatekeela uste du Comisiones Obreras sindikatuak.

Justizia soziala egiteko deia egin du gaur Comisiones Obreras sindikatuak. Bidezkoa dena egitera deitu du Nafarroako Gobernua baina baita eragile sozialak ere.

Espainiak Konstituzio berri bat behar duela iritzita, asanblada bat ere sortua dute hainbat eragilek. Ez bakarrik dirua gastu sozialera bidera dadin ziurtatzeko, baizik, aldaketa gehiagoren bidez ogia, etxea, lana eta duintasuna bermatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!