Parlamentu Sozialak argi du: zilegia ez den zorra ez da ordaindu behar. Nafarroako Gobernuari dei egin diote aztertu dezan foru erkidegoak zenbateko zor publikoa duen. Gogorarazi dute UPNren ondorioak nabarmenak izan zirela aldaketaren gobernua iritsi zenean eta zenbaterainoko zorra izan den jakitea ezinbestekoa dela iruditzen zaie. Ikerketa zenbaiten arabera 171 milioi euro izan daitezke zilegiak ez direnak, baina, handiagoa ere izan daiteke zenbateko hori. Bestalde, hurrengo zor publikoaren ordainketa 240 milioi eurokoa izanen da eta hori ere aztertzea nahi du Parlamentu Sozialak.
Herritarrek eskubidea dute jakiteko guztiona den dirua zertara bideratzen den eta zenbateko zorra duen Gobernuak berak. Hori hala, ekitaldiak antolatu dituzte aste honetan: asteartean Eric Toussant izanen da hitzaldia ematen Kondestableko civivoxen 'Zor ez duguna ez dezagun ordaindu' goiburuarekin; asteazkenean kalejira eginen dute; ostegunean zineforuma izanen da 'Deudokrazia' filmearekin Katakraken eta azkenik, ostiralean 12:00etan elkarretaratzea eginen dute parlamentuaren parean.