Bardoak 2018

'Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa', otsailaren 2tik aurrera

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 22a, 14:37

Argazkia: 'Bardoak' egitasmoko parte hartzaileak. / Nafarroako bertsozale elkartea

16 talde eta 113 parte hartzaile izango ditu, eta horietatik 74 izango dira bertsolariak. Otsailaren 2an Beran hasi eta martxoaren 24an bukatuko da, Lekunberrin. Informazio gehiago hemen eskuratu daiteke.

Bere xumean, handia da Bardoak 2018. 16 talde eta 113 parte hartzaile izango ditu, eta horietatik 74 izango dira bertsolariak. Beteranoak gazteekin nahasiko dira, eta ibilbide luzekoak hasi berriekin aterako dira plazara. Osotara, 23 saio izango dira. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira bertso-eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du Bardoak 2018 egitasmoak. Horren bidetik etorriko dira fruitu berriak ere.

Otsailaren 2an Beran hasi eta martxoaren 24an bukatuko da Bardoak 2018, Lekunberrin. Finala, lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da.

Helburuak 

Bertso-eskoletatik abiatuta, bertso-eskolen sarea eta bertsozaletasuna indartzeko xede du Bardoak 2018 egitasmoak. Era horretan, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritzea da helburu, bertsolari berriei plazak eskainiz eta bertsolari eskarmentudunekin kantatzeko aukera emanez, eta hala, bertsoaren sarea trinkotuz. Era berean, bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaintzeko asmoa du ere Bardoak 2018 taldekako egitasmoak, Nafarroako kultur eskaintzan bere tokia egonkortuz.

Ezaugarri nagusiak

Datuei erreparatuta, Bardoak 2018k abiapuntu ikusgarria du: 16 taldek hartuko dute parte, 113 parte-hartzailerekin. Guztira, 74 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena. Eta saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 23 saio izanen baititu taldekako txapelketak.

Lehen fasea otsailaren 2tik otsailaren 18ra bitarte jokatuko da, 16 saiorekin. Bigarren fasea berriz, martxoaren 2tik martxoaren 11ra, 6 saio antolatuz. Eta finala, martxoaren 24an jokatuko da.

16 talde parte-hartzaileak bost multzotan banatuta egongo dira. Hala, talde bakoitzak bere multzoko bi talderekin egingo ditu saioak, bat “etxean” eta bestea “kanpoan”. Bigarren fasera multzo bakoitzeko talde bana eta multzo bateko bi talde pasako dira, guztira sei talde. Bigarren fasean joan-etorriko saioak antolatuko dituzte taldeek, eta hiru sailkatuko dira finalera. 

Finala

Lekunberriko Toki Alai sagardotegian jokatuko da Bardoak 2018ko finala, martxoaren 24an. Bigarren fasetik sailkatutako hiru taldeak arituko dira kantuan, guztira bederatzi bertsolari gutxienez.
Arratsaldeko saioa izango bada ere, egun osoko festa eguna bihurtuko da. Azken urteotan bezalaxe, final honek lehiaz haragoko bertsolaritzaren festa handia izan nahi du.

Webgunea

Bardoak 2018 Nafarroako taldekako bertso egitasmoaren informazio osoa eta eguneratua (parte-hartzaileak, saioak, albisteak, finalerako sarrerak nola eskuratu, saioetako argazkiak…) www.bertsozale.eus atarian egonen da. Horrez gain, sare sozialetan ere (Facebook eta Twitter) aurtengo edizioaren xehetasun guztiak emango dira eta bertsoa.eus atarian saioetako bideo bildumak jarriko dira ikusgai.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!