Podemos-Ahal Duguk Laura Perez, koalizioko idazkari nagusi izandakoa eta egun parlamentari dena, alderdiko militantziatik baztertzeko erabakia hartu du. Horrez gain, "etikoki eta koherenteki jokatuko balu, parlamentari akta ere” utzi beharko lukeela uste du Podemos-Ahal Duguko Berme Demokratikorako Batzordeak.
Ostiralean jakinarazi zuen koalizioak erabaki hori hartu zuela. Oharrean argitaratu zutenaren arabera, lehenbizi, Perez kanporatu zutela adierazten bazuten ere, oharra zuzendu eta azkenik Perezek bere kargua egiten ari zela irregulartasunak egin izana leporatu diote, eta "behin behinean" militantziatik suspenditzea erabaki dute auzia ikertze aldera. Azken urtean egindako zenbait ekintza gauzatuta Podemos-Ahal Duguko kode etikoa larriki haustea eragin dutela diote, eta Perezi espedientea zabaltzea ere erdietsi du koalizioko Barne Demokraziarako Batzordeak.
Kode etikoa urratzea gezurtatu du Perezek
Laura Perezek berak esan du: "Ez da egia alderdiaren kode etikoa urratu dudanik". "Esan diezadatela zein puntu urratu dudan. Nik oso lasai dut kontzientzia", gaineratu du. Perezek adierazi du ez duela talde parlamentaria uzteko asmorik, berme batzordearen ebazpena ez delako irmoa. Parlamentariak iragarri du berme batzordearen erabakia errekurritu ala ez aztertuko duela, eta neurria ordezkari gisa duen jardunaren kontrako "urraketa argia" dela deritzo.
Nafarroako Podemos-Ahal Duguren baitan haustura azaleratu zen idazkari nagusirako azken primarioetan. Eduardo Santos Laura Perezi gailendu zitzaion, eta haren garaipenaren ondoren Mikel Buil izendatu zuen zuzendaritzak parlamentuko bozeramaile, Laura Perezen ordezko.