Berrogei urte beteko dira aurten German Rodriguez poliziak tiroz hil zuela. Horretaz ere aritu dira gaur osoko bilkuran. 1978ko sanferminetako gertakariak jasoak dauden dokumentu,informazio, datu eta bestelako objektuak, Espainiako Administrazioaren esku daudenak desklasifikatzea eskatu du Parlamentuak. Gobernua babesten duten lau alderdiez gain, PSNk ere sinatua zuen eskaera hori eta gaur, bat egin du eskaerarekin baita UPNk ere baiezko botoa eman baitu. PPk abstentziora jo du.
78ko sanferminak gogoak ekimenak, urte hartatik eskatzen ari da egia, justizia eta aitortza. Baina ez da iristen. Ez dute etsi, eta urtero-urtero, bereziki sanferminetan, uztailaren 8etan gogoratzen dute German. Gaur, parlamentukoa pauso bat gehiago izanen da 78ko sanferminak gogoan taldeko kide Sabino Cuadraren ustez. 78ko gertakarien ondotik, zabaldu ziren hainbat bide aztertzeko zer gertatu zen. Baina lausoa izan zen, eta ahalegindu ziren datuak ezkutatzen eta egiak argia ikusi ez zezan lan egiten.
Laukoak, PSNk eta UPNk egin dute eskaerarekin bat
Gobernua babesten duten lau taldeek eta alderdi sozialistak bat egin dute eskaera egiterako unean, proposatzerako unean eta baiezko botoa eman du UPNk, PPk abstentziora jo du. Espainiako Gobernuari eskatu diote dokumentazio guztia desklasifikatu dezan gertatu zena ikertu ahal izateko.
Parlamentuko eztabaidan laukoak uste du Germanen kasuan iluntasuna dela nagusi gertaeren 40 urteurrenean ere eta behingoz erantzukizunak, egia eta aitortza egiteko unea iritsi dela.
Alderdi erregionalistak ere alde egin du. Uste du Iñaki Iriartek 1978 hura ezin dela gogoratu bakarrik German Rodriguezen hilketaren urtea gisan, beste hilketa ugari izan zirelako urte hartan, baina, hura ere ikertu behar dela uste du.
PP abstenitu den arren kontent gelditu dira 48 aldeko botorekin eskaera eginen diotelako Espainiako Gobernuari 78ko sanferminetan gertatutakoa aztertzen duen edozein informazio eta dokumentu desklasifikatzeko.