Kanpo azterketen "negozioa" salatu eta baliorik ez dutela esan du Steilasek

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 17a, 08:36

Argazkia: Raul Lopez eta Amaia Zubieta Steilaseko kideak, atzo eskainitako prentsaurrekoan.

Ebaluaketak "merkatu eta politika neoliberalen menpe" daudela kritikatu du sindikatuak eta proba "jarraitu eta hezigarrien" aldeko dokumentua aurkeztu du.

LOMCEk eta PISAk "sistema uniformatzea eta merkatu ekonomiaren politika neoliberalen zerbitzura jartzea dute helburu", Amaia Zubieta eta Raul Lopez Steilaseko kideen aburuz. LOMCEren kontrako "batasuna" egon dela deritzote, baina PISAri, ordea, "gero eta garrantzi gehiago" ematen zaiola. "Bere helburua da herrialdeak alderatzea eta sailkatzea. Zalantzan jartzen ditugu bere balioa errealitate eta hezkuntza sistema oso ezberdinak alderatzen baitituzte. Ebaluazio hau testuingurutik at egiten da, ebaluatzen duen hezkuntza komunitatearen ezaugarriak kontuan hartu gabe eta beraiekin ( guraso, ikasleak edota ikastetxeak) adostu gabe".

Era berean, "kezka" azaldu du sindikatuak, "hezkuntza negozio" bihurtzen ari delako. "Estatu espainiarrean hezkuntza sistemako zati asko pribatizatu dira: jangelak, garbiketa eta garraioa. Kudeaketa, prestakuntza, aholkularitza eta ebaluazioa ere pribatizatzen ari dira (azken hau merkatuarentzat helburu gutiziatsua izanik)".

Ebaluazioaren beharra agerian

"Ebaluazio mota guztiak", hau da, "ikasleenak, irakasleenak edota sistemarenak, beharrezkoak" direla uste du sindikatuak, baina "egokiak" izan behar dutela: "Irakasleen ebaluazioa irakaskuntza jardunari buruzko gogoeta kolektiborako tresna izan beharko litzateke eta prestakuntza jarraituarekin hertsiki lotuta egon beharko luke". 

Hala, "ikasleen ebaluazioa jarraitua, osotua eta prestakuntzazkoa izan beharko litzateke eta irakasle talde osoak eta ikasle guztiek parte hartu beharko lukete". 

LOMCE eta Heziberriren ebalueazioek baldintza horiek bete ezean, "desobedientziarako deia" egiten jarraituko du Steilasek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!