Aste honetan Iruñeko Udalak doako hiru bisita gidatu eskainiko ditu Kondestablearen jauregiko Pablo Sarasate museo-aretoa ezagutzeko (Kale Nagusia, 2, 1. solairua). 010 telefonoan eman daiteke izena, edo aurrez aurre, edozein Civivoxetan. Ostiralean, 18:30ean, bisita gaztelaniaz egingo da. Larunbatean bi txanda egongo dira: lehenengoa, 12:00etan, euskaraz, eta bigarrena, 18:30ean, gaztelaniaz.
Museo hau, zeina lehenago Iruñeko Udal Agiritegiaren barruan egon baitzen (San Joan Apaizgaitegi zaharreko kaperan), 1897an sortu zen musikariak hiriari egin zion dohaintzari esker: sarien sorta bat, instrumentuak, altzariak eta haren beste zenbait objektu pertsonal. Baina bildumak beste egoitza batzuk ere izan ditu, Udaletxe zaharra, adibidez. 2008az geroztik biolin-jotzaile eta konpositorearen ondarea Kondestablearen jauregian dago, Iruñeko Udal Agiritegian diren partiturak salbu.
Testamentuan –1893ko agiria– , musikariak banan-banan aipatu zituen dohaintza osatzen zuten elementuak: “erlojuak, gorbata-orratzak, eraztunak, diamantedun bitxiak, kondekorazioak, koroak, sariak, diplomak, brontzeak, koadroak, bustoak eta oroigarriak”. Sorta horren barruan zeuden “nire Villaume biolina, nire Gand biolina (Pariseko Kontserbatorioan lehen sari gisara eman zidatena) eta nire arkuak (...), eta Pariseko nire gelan dauden altzari mota guztiak...”.
Horiez gain, museo-aretoko erakusketan bost panel daude ikusgai, non azaltzen baita Europako biolina gisara ezagutu zen musikari iruindarraren biografia. Aretoko beste zenbait elementuk islatzen dute pertsonaiak izan zuen garrantzia eta eragina mugimendu artistikoetan, instituzioetan eta errege-erreginen etxeetan. Ikusgai paratutako objektuen artean nabarmentzen dira konpositorearen instrumentuak; musikariaren erretratu bat, José Llaneces pintoreak 1894an egina; eta Mariano Benlliureren brontzezko busto bat. Badira ere hainbat ikus-entzunezko, biolin-jotzaile iruindarraren musikari buruzkoak.
Bisita gidatuak Pablo Sarasate museo-aretora
Urtarrilak 19, ostirala
BISITA GIDATUA
- Pablo Sarasate museo-aretoa
- Kale Nagusia, 2. 18:30. Aldez aurretik izena eman behar da, doan.
Urtarrilak 20, larunbata (euskaraz)
BISITA GIDATUA
- Pablo Sarasate museo-aretoa
- Kale Nagusia, 2. 12:00. Aldez aurretik izena eman behar da, doan.
BISITA GIDATUA
- Pablo Sarasate museo-aretoa
- Kale Nagusia, 2. 18:30. Aldez aurretik izena eman behar da, doan.