Sakabanaketarekin amaitzeko espetxe politika alda dezaten eskatu dute Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 15a, 14:01

Argazkia: Larunbatean Bilbon euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazioa. / ekinklik.org

ETA disolbatu behar dela azpimarratu dute UPNk eta PPk, eta hori jarri dute espetxe politikaz hizketan hasteko baldintza gisa. PSNk gerturatze kasuak "banan-banan" aztertu behar direla uste du.

Presoen eskubideen aldeko Bilboko manifestazioa mintzagai izan dute Nafarroako Parlamentuko taldeek."Preso guztien" dispertsioarekin amaitu behar dela ziurtatu du Geroa Baik, "ez bakarrik euskal presoen sakabanaketarekin"; ETA "disolbatzea" ezinbestekotzat jo du Koldo Martinez bozeramaileak. Horrez gainera, Nafarroak kartzela kudeatzeko eskumena berreskuratu behar duelakoan dago taldea. 

Bestalde, "dispertsioarekin amaitzeko ordua" dela nabarmendu du EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek, "gobernuak ez baitira mugitzen kanpotik jendeak bultzatzen ez baditu". Horregatik, Frantziako estatuan emandako pausoekin oroitu da, eta hegoaldean ere mugimenduak izateko garaia dela azpimarratu du. 

Laukoa osatzen dutenen artean Ahal Duguk ere "salbuespen neurriak" amaitzeko unea dela azpimarratu du, giza eskubideak urratzen ari direlako. 

Oposizioa, tinko

"Biktimekin konprometituta" dago UPN, hori du "lehen konpromisoa", eta hori da, hain justu, erantzun duena Javier Esparza eledunak presoen eskubideei buruz galdetuta. "ETAk egin behar duena da disolbatzea, desagertzea eta argitu gabe dauden hilketak argitu", adierazi du Esparzak; PPk ere hari berari eutsi dio eta lehena "desarmatzea" dela ziurtatu du. ETA disolbatu dadin eskatu dute biek. 

PSNk presoek "urrats legal zenbait" egin dituztela uste du eta, orain, gerturatze kasuak "banan-banan" aztertu beharko direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!