Nafarroan izandako tortura kasuak ikertuko dituzte

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 11a, 14:05

EH Bilduko parlamentariak aurreko osoko bilkura batean Tortura irakur zitezkeen kartelak atera zituzten.

Gobernuak iaz laguntza deialdi bat atera zuela eskubide urraketak ikertzeko: "Asko geratzen da ikertzeko, baina txostena aurrerapauso garrantzitsua da tortura salaketak argitzeko bidean".

Torturari buruzkoa galdera egin dio EH Bilduk Ana Ollo kontseilariari. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako txostenaren eduki eta ondorioen inguruan zer iritzi duen eta Nafarroan zer nolako pausoak emanen diren tortura kasuak argitu ahal izateko jakin nahi izan du koalizioak. 

Nafarroan ere hasiko dira tortura kasuak ikertzen. Hala ziurtatu du Ollok. Gogorarazi du Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko laguntza deialdia atera du, eta horietatik 17.909 euro EHUko Kriminologia Institutuak jasoko ditu Nafarroako tortura kasuak ikertzeko: "Asko geratzen da ikertzeko, baina txostena aurrerapauso garrantzitsua da tortura salaketak argitzeko bidean".

Alvaro Baraibarrek Nafarroako Bake eta Bizikidetzako zuzendari izendatu eta gutxira, esan zuen, ETAren indarkeriarenean salbu, Nafarroako erakunde ofizialek ezer gutxi egin dutela memoriaren esparruan, eta gaurdaino bi ildo nagusiri heldu dio gobernuak: 36ko gerrako fusilatuen auzia, eta eskuin muturreko taldeen zein segurtasun indarren biktimen aitortza.

Bi urte eta erdi iragan dira geroztik, eta, azkenik, gobernuak pauso esanguratsua eman du. Irailaren 12an, Bake eta Bizikidetzako zuzendaritzak ikerketa zentroei zuzendutako 30.000 euroko laguntza deialdia atera zuen, “eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek Nafarroako pertsonen aurka zuzendutako indarkeriaren inguruko lan zientifikoa egiteko”. Hiru proposamen aurkeztu ziren.

Horietako bat Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuarena da, eta 1960tik gaurdainoko tortura kasuak ikertzeko eskaintza egin du. Azaroaren 23an Gobernuak ebatzi zuen 17.909 euroko laguntza ematea eskaintza horri. Amaitutakoan, 50 urtez Hego Euskal Herrian torturarekin gertatutakoaren argazki zabalagoa eginen du.

Gainera, 12.090 euroko laguntza jasoko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera ikerguneak. Artxibategietan arakatu eta eskuin muturreko taldeen zein polizien indarkeria jasan duten biktima nafarren memoriari buruzko dokumentazioa bilduko du, eta oroimen horren azterketa sozial antropologikoa eginen du ikerguneak.

Lege horren zati bat indargabetuta dago Espainiak errekurritua duelako, baina, hala eta guztiz ere 2017ko otsailaren 18an lehen aldiz polizia indarkeriaren biktimei omenaldia egin zitzaien, eta Nafarroako erakundeek barkamena eskatu zieten. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!