Berdintasunean aurrera pausoak ematen segitzen du Nafarroako Gobernuak. Handietako bat izanen da Berdintasun Legea aurrera ateratzea. Prozesu horretan ari dira lanean bai Nafarroako Gobernua eta baita Berdintasunerako Institutua ere. Abuztuan, egindako diagnostikoaren emaitzak jaso zituzten eta gero, parte hartze fasean aritu dira lanean. Oinarrizko Dokumentu bat osatua dute, bertan, legeak berak izanen dituen ildo nagusiak finkatuz. Une hauetan, txosten hori osatzen eta amaitzen ari dira, gero, Foru Legea bera publiko egin eta herritarrek ere aportazioak egin ahal izanen dituzte erabat onartu arte legea bera.
2002koa da Nafarroak abian duen Berdintasun Legea. Zaharkitua gelditu dela-eta, gizarteak aurrera pauso handiak egin dituelako eta errealitatea asko aldatu delako besteak beste, Lege berri bat osatzeko hautua egin du aldaketaren gobernuak. Aurrera pauso handia izanen da hori. Eta bitartean, bestelakoak ere ematen ari dira.
Gaur, Berdinna izeneko saria aurkeztu dute. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean lanean aritu direnak aitortu eta saritzeko asmoa duen saria izanen dela esan du Ana Ollo Erakunde eta Herritarrekiko kontseilariak.
Martxoan eginen dute sariaren banaketa
Urtero banatuko duten saria izanen da Berdinna izenekoa. Ohorezko aitortza publikoa eginen dute eta 3.000 euroko sari ekonomikoa emanen dute. Edozeinek egin dezake sari hori jaso beharko lukeenaren proposamena. Pertsona fisikoek nahiz entitateek dute aukera proposamen horiek egiteko. Lanak edo proiektuak ere aurkeztu daitezke sariketara, azken bi urteotan egin badira.
Berdinna saria banatzeko epaimahaia ere prest dute. Kontseilariak berak osatuko du, Berdintasun Institutuko Mertxe Leranozek, Berdintasun Kontseiluko kide batek, Udal eta Kontzejuen Federazioko kide batek eta aurreko urtean saria jaso duen pertsona edo entitateak.
Aurtengo martxoan hasiko dira Berdinna saria banatzen. Martxoaren 8aren baitan eginen dute ekitaldi hori.