Urte berriak utzi duen irudietako batekin nator gaurkoan. Olentzero bezala, opariz beteta! Baina nire zakua baino, gure inguruko edukiontziak dira goraino beteta daudenak. Urdina dago beteena: opariak estaltzeko papera, opariak gordetzeko kartoizko kaxak, oparia eusteko kartoizko euskarriak… Horia ez da atzean geratzen; ia sartu ezinik oparien plastikozko ontzi, kutxa eta latak daude bertan. Eta berdean eta giltzapetutako zakarrontzi marroian auskalo zer dagoen. Ez dut barruan begiratu.
Gehiegizko zaborra sortzen dugula ez da gauza berria, eta egia da ez dela hori izan atentzioa deitu didan gauza bakarra. Espaloira igotzeko ahalegina egiten egongo balitz bezala, edukiontzien ondora botatako panpina handi bat izan da zakarrontzien ondotik pasa eta begirada atzera bueltatzea eragin didana. Zenbat jolastu ote dira berarekin?
Erosi dugu behar ez genuena, eta gurpila eten ez dadin zakarrontzira bota dugu. Lasai beherapenak datoz! Negozio ederra dute gurekin.