Madrilek hartu du erabakia. Nafarroako AHTk Euskal Yarekin lotura Gasteiztik izanen du. Hainbat proposamen aztertu ditu Espainiako Sustapen Ministerioak, baina bi hartu ditu aintzat azkenean: "Ezkioko eta Gasteizko aukerak jo ditugu ontzat, beste guztiak egin ezinezkoak zirelako, ekonomikoki, teknikoki edota orografikoki", esan du Iñigo de la Sernak. Hortaz, egungo azpiegitura baliatzeko alternatiba oro baztertu du Madrilek, trenbidea bikoiztea edota hirugarren erraila jartzea,, eta plataforma berri bat eraikiko dute, behin betiko proiektua edozein dela ere.
Guztira, Iruñea eta Gasteiz AHT bidez lotzeko proiektuak 74 kilometroko luzera du, eta "600 milioi euro inguruko kostua", De la Sernak esan zuenez. Bidaia denbora hauek eman dituzte: Iruñea eta Gasteiz arteko bidaiak, 30 minutu; Iruñe eta Bilbo artekoak, 56 minutu; eta Iruñe eta Donostia artekoak, ordubete eta bi minutu.
Pozik erabakiarekin foru gobernua
Nafarroako Gobernuaren izenean, Manu Aierdi lehendakariordeak positibotzat jo du Madrilen iragarpena, "tren korridorea azpiegitura estrategikoa baita Nafarroarentzat". Nabarmendu du "bidaiariak eta salgaiak" garraiatzeko balioko duela azpiegitura horrek, eta akordio berri bat eskatu dio De la Sernari: "Ahalik eta hurbilena egon nahi dugu azpiegitura horren kudeaketatik, eta beharrezkotzat jotzen dugu itun berri bat sinatzea, 2010ekoa iraungita baitago". Ministroak, baina, ez du konpromisorik hartu nahi izan: "Ez da une egokia auzi hori berriz irekitzeko. Espainiako Gobernuaren asmoa da AHTaren zatiak zuzenean adjudikatzen segitzea".
Laukoaren baitan desadostasunak
EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek uko egin zioten parte hartzeari Sustapen Ministroak deitutako ekitaldian, agerraldia ekitaldi propagandistikotzat jo baitzuten. Horren ordez, Tren Sozialaren Aldeko Plataformak antolatutako protestan izan ziren, Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren kanpoaldean. Dozenaka lagun bildu ziren elkarretaratzera. Antolatzaileen izenean, Sustrai Erakuntzako kide Martin Zelaiak "inposiziotzat" jo zuen Espainiako Gobernuaren erabakia: "Egungo trenbidea hobetu liteke, hainbesteko kaltea eragin gabe".