Nafarroara etorri da gaur Espainiako Sustapen Ministroa, Iñigo de la Serna. Abiadura Handiko Trenaren lotura Euskal Autonomia Erkidegoko Ygrekoarekin zein izanen den zehaztera etorri da. Iruñera lehenbizi eta Gasteizera gero.
Joan den uztailean izan zuten azkeneko bilera administrazioek. Espainiak, Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak. Garai hartatik, bi aukera aztertzen aritu dira. Lotura hori, Ezkiotik egitea da aukeretako bat, Gipuzkoatik barrena; eta bestea, azken egunetan oihartzun handiagoa eta indar handiagoa hartu duena, Gasteiztik egitea lortura, Araba zeharkatuta.
Zer nolako bi aukera dira horiek? Datuetan adierazteko:
- Ezkiotik 55 kilometro lirateke, 30 tunelen azpitik.
- Gasteiztik balitz, 80 kilometro eta horietatik 6 tunelen bidez.
- Ezkiotik, garestiena: 1.700 milioi euro.
- Gasteiztik ia mila milioi gutxiago, 700 milioi euro.
Sustapen Ministerioaren datuen arabera, guztira Nafarroan Abiadura Handiko Trenak 2.500 milioi euroko kostua izanen du.
Sener ingeniaritza etxeak egindako ikerketa batean oinarrituta, eta Gasteizko bidea lehenetsi dute, Iñigo de la Serna, Espainiako Sustapen ministroaren hitzetan: "Ezkio eta Gasteizko alternatibak dira onartu ditugunak, beste guztiak egin ezinezkoak zirelako, ekonomikoki edota orografikoki. Bi horien artean, Ezkioko alternatibak zalantza ugari pizten ditu kostuaren inguruan, azpiegitura itzela eskatzen baitu (21 kilometroko tunela)".
Gasteizkoa, aldiz, "alternatiba ekonomikoagoa da, ez duelako mendilerrorik zeharkatzen, eta 5 kilometroko tunela besterik ez du". 600 milioi euro pasatxoko kostua du. De la Sernak azaldu duenez, "hemendik aurrera, informazio publikoko epea zabalduko da, eta zuzenketak egin daitezke. Hortaz, behin betiko erabakia ez dago hartua. Baina alde handia dago bi aukeren artean".