Paterak Mediterraneo itsasoan hondaratu behar zirenean edota pertsonaren bat itotzeko arriskuan zenean, Itsas Sorospenera dei egiten zuelakoan, giza trafikoa eta legez kanpoko inmigrazioarekin loturiko delituak leporatu dizkio Espainiak CaMinando Fronteras eragileko kide Helena Malenori.
Horregatik, Elkartasuna ez da delitua lelopean, kexa bat aurkeztu zuten Nafarroako hainbat herri eragilek Espainiako Gobernu Delegaritzaren aurrean, orain bi aste -Harrera Aurrera, Iruñea Harrera Hiria, Munduko Medikuak, SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat, Help-na, Melillako Karabana eta Nafarroako Brigada taldeek-. Gainera, elkarretaratzera deitu dute, urtarrilaren 9an, alegia bihar, 19:00etan, Merindade plazan.
"Bizitzak salbatzea delitua da Espainiaren eta Europar Batasunaren gobernuen ustez. Espainiako eta Europar Batasunako gobernuen arabera, beraiek sortutako pertsona migranteen egoera larria arintzen parte hartzea eta laguntzea delitua da", salatu dute prentsa ohar baten bidez.
Giza Eskubideen defentsan
Azken bi urteetan inmigrazio legeen edo kontrabandoaren kontrako legeen babespean 45 auzibide ireki dituzte giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurka, Arrazaren Harremanetarako Institutuko datuen arabera.
Testuinguru honetan, Nafarroako eragileek Europar Batasuneko estatuei eta Marruekosi exijitu diete migratzaileen oinarrizko eskubideak bete ditzaten.