Eskolako jardunaldi jarraiaren ondorioz murrizketak eta kaleratzeak salatu dituzte jantokiko langileek

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 28a, 13:54

Argazkia: Jantokietako langileek Hezkuntza Departamentuaren aurrean egindako elkarretaratzea.

Jatorduak ere hezkuntzaren parte direla esan dute, "janaria zerbitzatzeaz gain, ohitura osasuntsuetan eta elkar bizitzan" hezten dituztulako haurrak; eta, ondorioz, Hezkuntza Departamentuak aintzat hartu behar dituela jardunaldi jarraia ezartzerakoan.

Hainbat eskolatan jardunaldi jarraia ezarri zenez geroztik, jantokietako langileen baldintzek okerrera egin dute: lanaldi murrizketak eta soldata jaitsierak jasan dituzte, ordu erdi gutxiago lan egiten dute egunean -eta hori ordutegi murritzak dauzkan sektore batean asko da- kaleratzeak izan dira… Horregatik, elkarretaratzea egin du LABek gaur goizean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta 200 lagun inguru batu dira.

Auzia ez da jardunaldi jarraiaren kontra daudenik, baizik eta ezartzeko era ez dela "egokia" izan eta ez dituela "aintzat hartu" ez jantokietan otordu duinak emateko beharrezkoak diren erritmoak ezta langileen eskubideak ere, LAB sindikatuko kide Itziar Lukanbiok salatu duenez.

Prekarizatutako eta feminizatutako lana

Prekarizatutako eta feminizatutako lana da jantokiko langileena, %95a emakumeak dira; 1.500 langile baino gehiago, Nafarroa osoan. Gaur, Hezkuntza Departamentuari exijitu diote "neurriak hartzeko", jantokiak ere hezkuntzaren parte baitira, janaria banatzeaz gain, “ohitura osasuntsuetan eta elkarbizitzan” hezitzen dituztelako umeak. Langileen aburuz, 45 minutuko txandak ezarrita haurrek bazkal dezaten, "ezinezkoa" da kalitatea eta hezkuntza bermatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!