Espedientea zabaldu diote Jose Diego Yllanesi

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 28a, 09:37

Jose Diego Yllanesen argazkia sare sozialetan zabaldu zen klinika batean lanean zebilela jakin zenean.

Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuen 2008ko sanferminetan. Udaz geroztik hirugarren gradua eman diote eta lo egitera baino ez da joaten espetxera. Madrilgo klinika pribatu batean ari da lanean eta Medikuen Elkargoak espedientea zabaltzeko erabakia hartu du. 

Madrilgo Medikuen Elkargoak Diego Yllanes Vizcay psikiatrari espedientea zabaltzeko erabakia hartu du. Yllanesi 12 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten, 2008ko uztailaren 7an Nagore Laffage gaztea hiltzeagatik. Andrea eta Astelehen Lilak kolektiboak pozik azaldu dira erabaki horrekin.

Madrilgo Medikuen Elkargoak agiri batean azaldu duenez, Yllanes Madrilgo klinika pribatu batean lanean ari zela jakitera eman ondoren sortu den polemika ikusita erabakia hartu dute.

Bestalde, lanean aritzeko bateraezintasunak eta elkargoko kide izateko baldintzak berriz aztertzea proposatu dio Madrilgo Medikuen Elkargoak Elkarte Medikoari.

Indarkeria matxistaren aurkako kolektibo nafarrek agiri batean azpimarratu dutenez, “sistemaren hanka-sartze eta oker sorta baten ondoren, auzia ikertzeko eta erabaki bat hartzeko erakunde medikoaren jarrerak arnabisdea eta poz txikia eman digu”.

2008ko sanferminetan Nagore Laffage gazte irundarra hiltzeagatik zigortu zuten Yllanes; 12 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten, baina uztailetik hirugarren graduan dago eta lo egitera bakarrik joan behar du Zuerako espetxera. Horrek Madrilgo zentro psikiatriko eta psikologiko batean lan egiteko aukera eman dio.

Diego Yllanes Vizcayk “ez ditu pazienteak artatzen, ikerketa lanetan laguntzen du enpresan”, jakitera eman zuen zentroak abenduaren 4an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!