Ikatza merezi du artzapezpikutzak, elizak bere egin baititu herriarenak ziren hainbat eraikin; elizak ez ezik, apezetxeak, hilerriak, lur sail zabalak, parkeak… Horregatik, elkarretaratzera deitu du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak. Bihar izanen da protesta, ostiralarekin, abenduaren 29an, 17:30ean, artzapezpikutzaren aurrean, Herriarena herriarentzat, ikatza gaiztoentzat lelopean.
Elizak lapurtutakoa
1946an, frankismo garaian, Hipoteka Legea jarri zuten martxan eta lege horren 206. artikulua baliatuz lapurtu ditu eliza katolikoak makina bat jabetza. 2015ean utzi zuten bertan behera; haatik, egindako immatrikulazioek ez dute atzera bueltarik izan. Nafarroan, 1.087 immatrikulazioren berri badago ere, askoz gehiago izan daitezke, azken urteotako datuak falta dira-eta.
Horregatik, deialdia egin du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak: udalei eskatu die herrian immatrikulatutako higiezinak eta lurrak zeintzuk diren ikertu dezaten. Hain justu, Udalerri eta Kontzejuen Feredazioak immatrikulazioak ikertzeko lantalde berezitua sortu du eta hori "aurrerapauso garrantzitsutzat" jo dute Ondarearen Defentsarako Plataformatik.