Orkoiengo Kayaba lantokian 100 kaleratze egiteko asmoa iragarri du zuzendaritzak

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 27a, 09:01

>Kayabako zuzendaritzak joan den ostegunean jakinarazi zion enpresa komiteari 2018aren hasieran aurkeztuko duela Lan Erregulazio Espedientea. 
>Lan zama txikitu egin da azken urteotan. Bonba hidraulikoak egiten dituzte Orkoiengo lantoki horretan eta dagoeneko zaharkitua gelditzen ari den produktua izanda, urtetik urtera behera doa haren produkzioa.

Kayabako zuzendaritzak joan den ostegunean jakinarazi zion enpresa komiteari; UGT, CCOO, CCP, LAB eta ELAk osatuta, 2018aren hasieran aurkeztuko duela Lan Erregulazio Espedientea.

Gutxienez 100 pertsona kaleratzeko espedientea izanen dela ere jakinarazi zieten. Orkoiengo plantan izanen lirateke kaleratze horiek sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, alegia, lan talde osoaren %44.

Joan den maiatzean iragarri zuen enpresa zuzendaritzak neurriak hartuko zituela lan zama txikitu egin zelako azken urteetan. Bonba hidraulikoak egiten dituzte Orkoiengo lantoki horretan eta dagoeneko zaharkitua gelditzen ari den produktua izanda, urtetik urtera behera doa haren produkzioa. 2019. Urtera arte lan produkzioaren jaitsiera %72koa izan daiteke, dagoeneko automobiletan bonba hidraulikoen ordez gurpil lerrokagailua erabiltzen delako. Europan beraz, ez da jada beharrezkoa bonba hidraulikoa, bakarrik, Estatu Batuetan, Hego Amerikan eta Asian erabiltzen dituzte oraindik.

Urte amaiera honetan, sindikatuek plan industriala da mahai gainean jarri dutena. Produktu berri baten iritsieraren zain izan dira, benetako beharrak zeintzuk diren aztertu eta alternatibak aurkezteko asmoarekin. Joan den osteguneko bileran baina, zuzendaritzak ez zuen bestelako aukerarik proposatu eta kaleratzeak jarri zituen mahai gainean. Produktu berria iritsiko dela uste dute sindikatuek eta, hortaz, kaleratzeak ekidin daitezkeela uste dute. Produktu berri hori zer izanen den argitu gabe, zuzendaritzak esan zuen, iritsiko balitz ere ez litzatekeela 2021 urtea baino lehen iritsiko, eta orduan bai, 70 pertsona gehiago kontratatzeko moduan egonen litzatekeela enpresa Orkoiengo planta horretan. Baina ez ordurarte lan taldea dagoen moduan mantentzeko.

Enpresa japoniarrak iragarri zuena da, ehun kaleratze izanen direla, %70a tailerretako langileen artean eta %30a ofizinetan lanean aritzen direnen artean. 120 eta 125 langile artean bonba hidraulikoak egiten lanean izanen dituzte 2020. Urtera arte, gutxi gora behera 700.000 egin arte. Produktu berrirako 70 langile bideratuko ditu 2021. Urtean eta beste 50 bonba hidraulikoak egiten segituko dute.

Kayaban duela zazpi hilabete 240 langile aritzen ziren, une hauetan 228 dira, izan ere, egoera zein zen ikusita askok alde egitea erabaki dute.

Kayaba multinazionalak hiru lantoki ditu Nafarroan: Orkoiengoa, Ororbiako Kybse amortiguadoreak egiten dituena eta 840 langile dituena eta azlemol KAMS, Los Arcosen dagoen lantokia kotxeentzako zenbait pieza egiten dituena eta 100 langile inguru dituena.

Proposamen bat gutxienez, mahai gainean

Hain zuzen, gogoratuko duzue joan den astean LAB sindikatuak agerraldia egin zuela Kayaban bota nahi zituzten langileen inguruan. Orkoiengo enpresak zailtasunak dituela-eta, kaleratzeak ekiditeko LAB sindikatuak proposatzen duena da, Ororbiako Kybsera bidera ditzatela langileak: lan zama handitu egin da urteotan enpresa horretan eta aurrera begirako aurreikuspenak onak izanda, kaleratzeak ekiditeko bide bat izan daitekeela uste du sindikatuak. 

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!