Negoziazio mahaian dauden hiru sindikatuek, CCOO, UGT eta ELAk, berretsi zuten atzo inor ez dagoela sobran, lan nahikoa dutelako, baina negoziatzea onartu zuten. Hasiera batean LAB ere negoziazio mahaian zegoen, baina nahiko ordezkaritzarik ez zuela-eta, bota egin zuen zuzendaritzak. Zuzendaritzak eta sindikatuek erabaki dutenez, erretiro aurreratua eskainiko diete adineko langileei: 55 urtetik gorakoei gaur egun duten soldataren %70 ordainduko diete; 56 urtekoei %75, eta 57-60 urte artekoei %80. Urtean 45.000 eurotik beherako soldatak dituztenei beste %5 gehituko diete.
Aldez aurreko erretiroa eskatzeko baldintzak betetzen ez dituztenei kalte-ordainak eskainiko dizkiete: 45 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, baina gutxienez 30.000 euroko kalte-ordainarekin. Gainera, langileek eszedentzia hartu ahal izango dute, eta 2020ra arte gordeko diete lanpostua.
Hilabete izango dute Gamesako langileek eskaintza onartzeko. Epe hori amaituta, urtarrilaren 19an bilduko dira bi aldeak, zuzendaritzak lortu nahi zituen zenbakietara iritsi ote diren ikusteko. "Langileek beraiek esango digute neurriak egokiak ote diren", azaldu dute ELAk, CCOOk eta UGTk, prentsa agiri bateratu batean. "Joan nahi duenari ez diogu eragotziko, baina, ondorioak arintze aldera, atal bakoitzean egon daitezkeen hutsuneak aztertuko ditugu, atal bakoitzaren bideragarritasuna ziurtatzeko, eta, hortaz, enpresa osoarena".