Eskuin hegalak mugitzen segitzen du Esako urtegian

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 15a, 08:29

Ebroko Ur Konfederazioak osatugabeko informazioa helarazten duela eta interpretatzerako unean geroz eta zailtasun gehiago aurkitzen dituztela salatu dute Esa+Ez eta Rio Aragon plataformetatik.

Mugimenduek segitzen dute Esa urtegiko eskuin hegalean. Ebroko Ur Konfederazioak ez du argi esaten, baina, datuek diote higadurak daudela. “Ez luke hala izan behar Konfederazioak mugimenduak geldiarazteko neurriak hartuak zituelako”, nabarmendu dute Esa gehiagorik ez eta Rio Aragon plataformetatik. Salatu duten bestea da, Konfederazioak informazio osatugabea helarazten duela eta gero eta zailtasun gehiago daudela interpretaziorako. “Zailtasunak jartzeak esan nahi du ez direla lortzen ari nahi zituzten datuak”, uste dute plataformetako kideek. “Malabarismo dialektikoetan dabiltza behin eta berriro, iritzi publikoari benetan gertatzen ari denari buruzko datuak eman ordez, apainduretan ari dira”, azaldu dute.

Ebroko Ur Konfederazioak aurrera segitzen du Esa urtegiaren zabaltze lanetan. “Hasieran bezala jokatzen ari dira, analisi berdinekin segitzen dute eta perspektibak ez dituzte aldatu”, gaineratu dute plataformetako kideek. Organismo autonomoak bere aldetik eskuin hegaleko mugimenduekin amaitzeko hirugarren fase bat egiteko prestatzen ari dira. Horretarako, teknikoki konplexuak diren lanak egin beharko dituzte eta horrek are gehiago garestituko ditu lanak.

“Eskuin hegala egonkortzea ez da lortu, uneotako eta etorkizuneko egoera zein den ez dago jakiterik eta lanak denboran gehiago luzatuko dira eta gainera garestitu eginen dira”, salatu dute Esa gehiagorik ez eta Rio Aragon plataformetatik.

Eragina pairatu dutenen topaketa

Larunbatean Katakrak liburudendan elkartuko dira Esa urtegiaren handitzeak kalteak eragin dizkien herritarrak. Bigarren topaketak izanen dira eta mahai inguruan gaia aztertzeko asmoarekin batzartuko dira oraingoan ere. 10:00etan izanen da lehen hitzordua. Bertan Esa+Ez, Rio Aragon eta RAPA izeneko plataformetako kideak izanen dira. Bigarren hitzordua 12:30etan izanen da eta kasu horretan Urbizi, Uraren Kultura Berria Fundazioa eta Ebroren Defentsarako plataformako kideak izanen dira 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!