Zuzendaritzak proposamen bat jarri die mahai gainean Miserikordia etxeko langileen ordezkariei. Sindikatuen ustez "onartezina" da aurkeztu dutena ez dituelako aintzat hartzen "aldarrikatzen aritu diren oinarrizko baldintzak". ELA, LAB, USO eta SATSE sindikatuetako ordezkariak mahaitik altxatu ziren jakin bezain laster zein jarrera hartua zuen zuzendaritzak. Comisiones Obrerasek eta UGTk bestelako jokaera izan zuten eta negoziatzen segitu zuten.
Langileekiko "errespetu falta" sumatu zuten zuzendaritzaren aldetik eta egindako proposamena "funtsik gabea" izan zela ere nabarmendu du gehiengo sindikalak. Hala, Greba Komiteak lanuzteekin segitzeko proposatuko die langileei. "Langileak batuta daude eta indar handia egiten ari dira", nabarmendu dute ohar batean Greba Komiteko kideek. Abenduaren 16,18 eta 20an eginen dituzte lanuzteak eta gauzak konpondu ezean abenduaren 22an greba mugagabeari ekinen diote.
Oinarrizko baldintza batzuk exijitzen dituzte Miserikordia etxeko langileen ordezkariek: KPIaren igoeraren gainetik haztea euren soldatak, lan talde osoaren lanaldiaren jaitsiera eta etorkizunean halako baldintzek abian segituko dutela ziurtatzeko klausulak ezartzea.