Sare sozialetako hainbat erabiltzailek salatu zuen Carlos Chiclana medikuaren klinikaren webgunean, lantaldearen atalean, Yllanesen argazkia eta fitxa agertzen zirela. Eta sareak sutu egin ziren hori jakin zenean. Yllanesek Laffage ito zuen Iruñean, 2008an sanferminetan, eta gorpua ezkutatu zuen gero. Urtebete geroago, hamabi urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten. Orain, ordea, zortzi urte geroago, hirugarren graduan dago, eta, atzo jakin zenez, mediku lanetan jarraitzen du.
Klinikaren webgunean mediku gisa agertzen bazen ere, Chiclana medikuak Twitterren adierazi du ikerketan laguntzen diela Yllanesek, eta ez duela gaixorik artatzen. Atzo kexa zabaldu orduko, Yllanesen argazki eta fitxa kendu egin zituzten webgunetik. Sarea arakatuta, hainbat zientzia artikuluren egile gisara ere ageri da Yllanes, aipaturiko erietxe psikiatrikoarekin lotuta, 2008koak dira artikulu horiek, Nagore Laffage hil zuen urte berekoak. Dietista eta entrenatzaile pertsonal gisara ere agertzen da klinika horretan. Chiclana psikiatra da erietxeko arduraduna, eta haren izena du zentroak.
Andrea eta Lunes Lilas elkarteek egin dute eskaera: halako aurrekari penalak izandakoek ez luketela medikuntzan aritzeko aukerarik izan behar, eta hori, legez ziurtatu beharko litzatekeela uste dute.