Zerrenda bakarraren aldeko elkarretaratzea egin du LABek Ezkerraren egoitzaren aurrean

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 7a, 08:04
Argazkia: LAB sindikatuak zerrenda bakarraren alde Ezkerraren egoitza aurrean egindako elkarretaratzea. / @LABnafarroa

Bi egunean bi azterketa jartzeko PSNk aurkeztutako lege proposamena babestu du lauko gobernuaren parte den Ezkerrak. Bi zerrendek aukera berdintasunak bermatzen ez dutela salatu du LABek.

"Erregimenaren indarrek" Nafarroako Gobernuaren "iniziatiba" mugatu nahi dutela kritikatu du sindikatuak, eta ez da harritu "aldaketaren kontrako indarrak era horretan erreakzionatu izanaz", bai, ordea, Ezkerraren kasuarekin: "Askoz gehiago harritzekoa da Ezkerrak zerrenda bakarraren kontra horrela jotzea, ulertu beharrean neurri eraginkorra eta diskriminazioaren kontrakoa dela, gainera Espainiako estatu osoan Nafarroan baino ez dira langileak hizkuntzaren arabera banatzen".

LABen aburuz, "garaiz da oraindik erregimenaren indarrek eta Ezkerrak parlamentuan lor ez dezaten, eskolan, kalean eta Administrazioan lortu ez dutena".

"Nafarroan, XXI. mendean, alderdi batzuk prest daude pertsona elebidunak eta hirueledunak bereizteko, historikoki jendea erlijio, arraza, gizarte edo genero arrazoiak erabiliz diskriminatu izan den bezala", kritikatu du LABek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!