Elikagaiak bildu, behar duenari emateko

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 1a, 08:04

244 saltoki, 77 farmazia, hondakinen mankomunitateak, garraiolari boluntarioak eta 2.800 boluntario baino gehiago arituko dira abenduaren 1ean eta 2an Nafarroan egingo den elikagaien bilketa handian.

Gregorio Yoldi Nafarroako Elikagaien Bankuko zuzendariak eta Marisol Villar elikagaien bilketa handiko boluntario eta koordinatzaileak aurkeztu dute bilketa hau, gaur egun Elikagaien Bankuak artatzen dituen 32.000 pertsona baino gehiagori laguntzeko. Iruñeko Arte Eskolako ikasleek egin dute elikagaien bilketaren kartela, “Eta krisiak ez du etenik” leloa jarri diote.

Yoldiren esanetan, egoera sozialari eta pobrezia edo bazterketa egoeran dauden pertsonei buruzko azken datuak horretaz ohartarazteko eta horientzat laguntza eskatzeko deia dira; izan ere, 83.000 dira jada. Gainera, azaldu duenez, gaur egun 207 gizarte erakunde ari dira Nafarroako Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, eta laguntza jasotzen duten pertsonen artean diru-sarrerarik ez duten pertsonak daude, baina lana izan arren laguntza behar dutenak ere badaude.

Nafarroako Elikagaien Bankuko zuzendariak elikagaien bilketa handian parte hartzera animatu du gizartea, oraindik familia askok jasaten dituzten zailtasunen aurrean elkartasuna eta kontzientziazioa handitzeko. Halaber, Joaquin Lazcoz oroitu du, orain arte elikagaien bilketak koordinatzen zituen boluntarioa, udan hil baita.

Nafarroako Elikagaien Bankuak 3.151 elikagai tona banatu ditu jada aurten, 8.300 familia artatzen dituzten 207 elkarteen bitartez, Nafarroako biztanleriaren % 5. 2008tik, elikagaien eta onuradunen kopurua % 30 inguru hazi da.

IKASLEAK ETA BOLUNTARIOAK

Nafarroako Elikagaien Bankuarekin hezkuntza proiektu bat garatzen ari diren ikastetxeetako 463 ikaslek hartuko dute parte bilketan. Bankuak sentsibilizazioa handitzeko ekimenen bidez lortu du ikasle horien laguntza, eta bisitak eta hitzaldiak antolatu ditu Mancoeduca Iruñerriko Eskoletarako Ingurumen Heziketa Programarekin batera. Helburua horiek guztiak hedatu eta zabaltzea da, eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren laguntza izan dute horretarako.

Abenduaren 1ean boluntarioak egongo dira 34 enpresaren 244 establezimendutan eta Farplus enpresaren 77 farmaziatan. Villarrek azpimarratu duenez, baina, boluntario gehiago behar dituzte Iruñerriko leku batzuetan; Zabalgunean, Donibanen, Cordovillan, Arrosadian, Mendillorrin eta Antsoainen, esaterako.

Bestalde, elikagaien bilketaren ondorengo 15 egunetan 100 pertsona beharko dituzte egunero, astelehenetik ostiralera, elikagaiak sailkatzeko, bi txandatan: 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

Elikagaiak sailkatzeko lanean parte hartzeko, eman izena 948 303 816 eta 636 693 617 telefono zenbakien bidez edo bancoalimentosna@gmail.com posta elektronikoaren bidez.

Boluntario gisa jarduteko, eman izena www.bancoalimentosnavarra.org webgunean, granrecogidaban@gmail.com helbidean edo 636 693 617 eta 948 303 816 telefonoetan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!